Nico Vazquezen argazkiak ikusgai Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berrian
'Make Bilbao grAI again Egin Bilbo grisa berriro' izenburupean, aurreko mendeko 1980ko hamarkadako hiria erretratatzen du argazkien bidez, adimen artifizialak lagunduta.
Erakusketako irudietako bat. Make Bilbao grAI again Egin Bilbo grisa berriro da Legazpiko Joan Kruz ile apaindegiko erakusketa berriaren izenburua. Niko Vazquez diseinatzaile grafikoaren lanez osatuta dago, eta bertan aurreko mendeko 1980ko hamarkadako hiria erakusten du argazkien bidez. Adimen artifizialaren bidez sortutako irudiak dira, eta garai hartako Bilbo nolakoa zen erakustea dute helburu.
Erakusketa irailean eta urrian zehar egongo da ikusgai.
Niko Vazquez bilbotarra da eta ibilbide luzea du grafismoaren munduan. MCD musika taldeko sortzailea eta musikaria ere izan zen.
Arantza Lauzirikaren aurkezpena
Honela azaltzen du erakusketa Arantza Lauzirika artistak eta EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak:
Bilbao, Mierda, IA?
Nostalgia selektibora joaten da beti, iraganeko edozein garai hobea izan zela argudiatzeko. Hala ere, Bilbon jaiotako baby boomer-ok (gehienak Barakaldon jaio izan arren), Galiziako, Andaluziako, Extremadurako… etorkinen seme-alabek, eta inguruko mendi eta herrietatik etorritakoek, Bilbo Handiko lantegietan etorkizun hobe baten bila lanean hasi zirenek, badakigu ez dela horrela. Bilbo ez zen orain baino hobea edo okerragoa: desberdina zen, besterik ez.
Meategietan, ontzioletan, labe garaietan, lantegietan, lan egiten zen hiri bat…. lan errepikakor eta alienatzaileetan, baina etxea eta janaria, eta iristen bazen, institutua gainditzen zuten seme-alaben unibertsitate-bekak asetzen ez zuena ordaintzeko aukera ematen zuen; izan ere, hau izan zen langile-klasearen seme-alaba unibertsitarioen lehenengo belaunaldia.
Emakumeek, ezkontzerakoan legez lana uztera behartuak, ugaltze-, zaintza- eta afektibitate-lanetan jarduten ziren, askotan senarraren soldata osatzeko etxean egiten ziren beste lan batzuetaz gain. Ezkutuko ekonomia zen hura: kapitalismoaren garapenaren oinarri.
Krisia, langabezia, lan prekarioak eta heroina, Saniko areto horretako kontzertuekin, Barrenkako arratsaldeekin, Somerako bokatekin, Iturribiderekin, jaietako lehen urteetako bertoko eta estatuko taldeen kontzertuekin, Popular 3 estereokin, zirimiriaren hezetasunarekin, itsasadar marroiarekin edo kale grisekin batera elkar bizi ziren, eta guztia, poliziaren, grisen, maderoen errepresio kulturala eta politikoarekin eta lanpostuak mantentzeko borrokarekin txandakatzen zen.
Gaur egungo Bilbon, edukiontzi tematiko moduko frankiziak funtzionatzeko zortea izan du. Arkitekto ezagunen eraikinak, merkantzia-
biltegiak zeuden lekuan; kongresu-jauregiak, ontziolak zeuden puntuan; parkeak, lantegiak zeuden auzoetan… guretzako, inposatutako hiri bat da, arrotza, non ez dugun gure burua ezagutzen.
Kanpokoentzako hiria, turistentzako hiria, gurea ez balitz bezala ibiltzen duguna, bisitan bageunde bezala. “Bilbo ihes egin ezin diogun puta bat da” zioen MCDren abesti batek, eta ez, ezin dugu ihes egin kanpoaldeko auzoetatik “jaisten” ginen Bilbo gris eta hezean gure burua ezagutzetik, Bilbo langilea.














