Ordizian alokairuko babes ofizialeko 80 etxebizitza gehiago eraikitzeko hitzarmena
Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 190 alokairuko babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dituzte San Joan auzoan. Lanak 2027an hastea aurreikusten dute.
Denis Itxaso sailburua eta Adur Ezenarro alkatea.Loinaz Agirre. Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak alokairuko babes ofizialeko 190 etxebizitza eraikiko dituzte San Joanen, 2027tik aurrera. 2024ko ekainean Eusko Jaurlaritzak, Visesa sozietate publikoaren bidez, 60 etxebizitza eraikitzeko lehen hitzarmena sinatu zuten eta gaur, bigarrena sinatu dute Adur Ezenarro alkateak eta Denis Itxaso Etxebizitza Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Ordiziako udaletxean. Hitzarmen berriaren arabera, udalak doan lagatako bi lursailetan eraikiko dira 80 etxebizitza. 40 etxebizitzako bi sustapen bikoitz jarriko dituzte herritarren eskura.
Itxasok jakinarazi duenez, “gaur bertan ere, Visesak lur zati mugakidearen erosketa pribatu bat egin du, beste 50 etxebizitza gehiago eraikitzeko helburuarekin. Beraz, guztira, 190 etxebizitza eraikiko dira San Joanen”. 25 milioi euroko kostua dute. “Nik dakidala, Gipuzkoa mailan ez dira izango Ordiziaren tamainako udalerri asko, hainbeste etxebizitza babestu egingo dituenik Jaurlaritzarekin elkarlanean”, nabarmendu du sailburuak.
Udalarekin harreman ona
Bestalde, Itxasok behin eta berriz azpimarratu du sinadura ekitaldian, Ordiziako Udalarekin “oso ondo” moldatu direla. “Beraiek ere ulertu dute, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan %95ean hobaria ematea. Horrelako abantailak eskatzen dizkiegu elkarlanean gabiltzan udalerri guztiei eta alde horretatik Ordiziak ondo ulertu du horrelako esfortzuak ere egin behar zituela”.
2027ean hasteko asmoa
San Joango proiektuei dagokienean, 2027an eraikitzen hastea aurreikusten dute. “Oraindik ere udalak burutu beharko ditu hirigintza plangintzaren eremuan hainbat tramite, baina bideratuta dauzka. Horregatik gure asmoa da, 2027an obrak hasi ahal izatea. Horrek ez du esan nahi aurretik lanean hasiko ez garenik. Gaur hitzarmena sinatu dugu eta dagoeneko deituta dago lehiaketa proiektua idazteko, epea aurreratzeko asmo horrekin. Hortik aurrera obraren lehiaketa aurrera eramango genuke, seguraski datorren urtearen amaieran, 2027an hasi ahal izateko obrak”.
Guztira 226
Adur Ezenarro alkateak bigarren hitzarmena sinatu ondoren, “orain egitea falta” dela nabarmendu du. “Baina dena bideratuta dago, eta ondo bidean, gaur egun kontuan izanda Ordizian ez dugula babes ofizialeko alokairuko etxebizitzarik, etorkizunean, guztira, 226 etxebizitza babestu izango ditugu, aurretik ere Etxebizitza Sailarekin hitzartuta dauden beste 36 etxebizitza kontuan edukita”.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Ordizian 455 bizikidetza-unitate daudela Etxebiden izena emanda; horietatik 417k (% 91,6) etxebizitza alokatu nahi dute, eta 38k (% 8,4), erosi.
Era horretan, Ezenarroren esanetan, “denok jakitun gara etxebizitzaren egoera zein den eta Ordiziarentzat izugarrizko aurrerapausoa izango da”. Sailburuari eta Visesari eskerrak ematearekin batera, ondorengoa nabarmendu nahi izan du alkateak: “Bakarrik azpimarratu, apustu bat izan dela, eta esfortzu ekonomiko bat. Krisiaren urte haietan erabaki genezakeen partzela hauek saltzea eta etekin bat lortzea. Baina lortu dugu eustea, lurzoru hauek zituzten karga urbanistikoak eta maileguak oraindik ere ordaintzen ari gara, baina eutsi diogu esfortzuari, uste genuelako, lur sail hauek nahiz eta gureak izan, ezin zitezkeela izan diru erraz bat edo etxebizitza negozioan sartzeko”.













