Ordiziako EAJko udal taldeak bi urteko balorazioa egin du
Agintaldia erdira iritsi denean, Ordiziako EAJren esanetan "EH Bilduk ez du Ordiziarentzako planik, inprobisazioa besterik". "Gobernantza eredua aldatu, eta herritarren premiei erantzungo dien ikuspegi arduratsua" defendatzen dute jeltzaleek.
Ordiziako EAJko udal taldea.EAJ. Agintaldia erdira iritsi denean, Ordiziako EAJko udal taldeak bi urteotako balorazioa egin du. Jeltzaleen esanetan, “EH Bilduren gobernuak ez du erakutsi herriak merezi duen kudeaketa eta planifikazioa”. EAJko udal taldearen arabera, “herriaren eguneroko arazo nagusiak konpondu gabe jarraitzen dute, eta geldotasunak, inprobisazioak eta konpromisoak faltak Ordiziaren etorkizuna oztopatzen dute”.
Era horretan, “gobernantza eredua aldatu, eta herritarren premiei erantzungo dien ikuspegi arduratsua” defendatzen dute jeltzaleek.
Sei arlori egin diete errepasoa jeltzaleek prentsa oharrean:
Batetik, “HAPOren tramitazioa blokeatuta” dagoela nabarmendu dute: “Ordiziak ezin du bere garapen urbanistikoa, etxebizitza eskaintza edo enpresa jarduera behar bezala planifikatu EH Bilduren gobernuak urteak daramatzalako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra geldirik edukitzen”.
Bestetik, “ondare historikoa eta herriko irudia degradatuta” daudela diote: “Fatxadak eta hormak pintadez beteta daude, eta ondare historikoa kalteturik. Ez dago planik arazoari aurre egiteko. Ordiziak herri garbi eta zaindua izan behar du, bisitarientzako eta bizilagunentzako erakargarria izango dena, bere nortasuna errespetatuko duena”.
Altamirako igogailua ere izan dute hizpide. “EH Bilduren gobernuak ez du konponbiderik planteatu. Irisgarritasun unibertsala herritarren eskubidea da, eta horretan atzeratzeak zuzenean eragiten die auzotarrei”.
Bestalde, hezkuntza arloko inbertsioei dagokienean, EAJren esanetan, “Urdaneta Ikastetxerako 700.000 euro bideratu ziren 2024ko aurrekontuan, baina ez zen ezer gauzatu urte horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari uko egin zion urte horretan EH Bilduk, horrela inbertsioak urtebete atzeratzen. Orain ekin diete lanei, 2025eko bigarren seihilekoan. Hezkuntza eta familien ongizatea lehentasun argia izan behar dira”.
Mantenu eta garbitasun falta ere salatu dute jeltzaleek: “Ez dago mantenu integralik herritarren bizi-kalitatea zaintzeko”.
Azkenik, asfaltatze lanak “azken unera arte atzeratu” dituztela argudiatu dute: “2024ko asfaltatze lanak, 2025eko ekainean egin dira, gobernuaren planifikazio gabezia agerian utzita. Mugikortasun jasangarria eta segurua ezin da presaka eta azken momentuan egin”.
“Konponbide zehatzak”
Dena den, EAJko udal taldeak gogoratu duenez, “kritikaz harago, EAJk konponbide zehatzak jarri ditu mahai gainean”. Izan ere, “helburua da herritarren eguneroko arazoei erantzutea eta Ordiziaren etorkizuna modu planifikatu eta arduratsuan bideratzea”. Horregatik guztiagatik, oposiziotik ere lanean jarraitzen dutela nabarmendu dute, eta martxan jarri dituen proposamen zehatzak azaldu nahi izan dituzte:
- Adinekoentzako egoitza berri bat: 2030erako egoitza berria martxan izatea. “Horretarako, beharrezko lan administratibo guztiak gaurdanik eguneratu eta abiatzea ezinbestekoa da, atzerapenak ekiditeko”.
- Altamirako igogailua: auzoaren eta erdigunearen arteko irisgarritasuna bermatuko duen igogailua eraikitzea. “Helburua da herritarren mugikortasuna eta erosotasuna hobetzea”.
- Majori Kiroldegiko bigarren faseko obrak: “nahiz eta inbertsio handia izan, instalazioak berritu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea, erabiltzaileen beharrei egokitzeko”.
- Auzoetako hobekuntzak eta eraberritzeak: “Ordiziako auzoak zainduta eta eguneratuta edukitzea, bizi-kalitatea bermatzeko”.
- Trenbidea N-I errepidera eramateko proiektua: proiektua gauzatzeko funtsezkoa den HAPOren tramitazioa martxan egotea.
- Kalitatezko enplegua eta jarduera ekonomiko berriak: “Ordiziaren dinamismo ekonomikoa eta enplegu duina sustatzea, udalerria bizirik mantentzeko”.
- Ordiziako kultur bizitza sustatzea, indartzea, “sinergiak baliatuz eta baliabideak modu eraginkorrean egokituz”.
- Ordizia txukuna eta garbia: “Bizikidetza ordenantza berria eta pintaden zein publizitatearen inguruko araudia eguneratzea, herriko irudia hobetzeko eta elkarbizitza sustatzeko”.
Gobernantza arduratsua
Horregatik guztiagatik, “Ordiziak gobernantza arduratsua eta parte-hartzailea” behar duela nabarmen adierazi du alderdi jeltzaleak. “Herritarrak erdigunean jarriko dituen politika: garbitasuna, irisgarritasuna, enplegua, familien ongizatea eta gure ondarearen zaintza lehenetsiz. Horixe da EAJk eskaintzen duena Ordiziaren etorkizunerako”, esan du Joseba Aranburu EAJko udal bozeramaile jeltzaleak.
Horrekin batera, EAJk nabarmendu duenez, “konpromisoa berresten du herritarren kezkak entzun eta beharrei erantzungo dien oposizio eraikitzailea egiteko. Gure helburua argia da: Ordizia bizigarriagoa, inklusiboagoa eta oparoagoa izatea, herritar guztientzat aukera berdinak bermatuko dituena”.













