Eskubaloi eguna ospatuko dute Legazpin irailaren 20an
La Salle klubak antolatu du festa, talde guztiak aurkeztuta denboraldi berria festa giroan hasteko. Bazkaria egongo da Azokan, eta txartelak salgai daude Karibe Zaharra tabernan.
La Sallek aurreko denboraldia agurtu zuen eguneko argazkia.Gorka Gomez Eskubaloi eguna ospatuko da Legazpin hurrengo asteko larunbatean, irailak 20, La Salle klubak antolatuta. Kirola, musika eta festa giroa uztartuko dituen ospakizuna izango da.
Eguna 10:00etan hasiko da. Ordu horretarako bi eskubaloi zelai egongo dira prestatuta Azoka inguruan eta Urbeltz pilotalekuan, eta bertan jokatuko diren partida laburretan parte hartzeko aukera izango dute hurbiltzen diren haur guztiek. Ondoren, trikipoteoa egingo da erdigunean, eta 15:00etan bazkaria, Azokan. Paella egongo da bazkaltzeko, eta tiketak dagoeneko salgai daude Karibe Zaharra tabernan, 15 euroan.
Arratsaldean, 17:00etan, ospakizunaren une bereziena iritsiko da, La Salleko eskubaloi talde guztien aurkezpenarekin. Hasi berria den denboraldirako klubak bederatzi talde ditu lehian: alebin taldea, infantil neskena eta mutilena, kadete neskena eta mutilena, senior nesken taldea eta senior gizonen hiru talde
Taldeak aurkeztu ondoren, musikarekin jarraituko du festak. Akerraren Seinale eta Emaion taldeek kontzertua egingo dute, bertaratutako guztiak dantzan jartzeko asmoarekin.
300 laguneko komunitatea
Legazpiko La Salle klubak 300dik gora pertsonako eskubaloi komunitatea osatzen du, jokalariak, entrenatzaileak, delegatuak, familiak eta laguntzaileak elkartuta. Hain zuzen, proiektu honek duen “indarra eta konpromisoa” islatu nahi du klubak ospakizun honen bidez.
Gainera, legazpiarrei eskubaloia gerturatu nahi die La Sallek, eta denboraldiari hasiera eman ere bai, “kirolaren, bizikidetzaren eta komunitatearen balioak partekatuz”.
Herritar guztiak gonbidatuta daude festa honetan parte hartzera.












