Euskal Herriko erdigunera egingo du hurrengo irteera Izadi Zaleak elkarteak
Ikasturte berriko lehen hitzordua da Legazpiko mendizaleentzat. Nafarroan dago Euskal Herriko erdigunea, Beriain-San Donato tontorretik oso gertu.
Izadi Zaleak mendi taldearen irteera bat, aurreko ikasturtean. Izadi Zaleak elkarteko mendizaleak ikasturte berriari ekin behar dio laster, eta aurrekoan bertan behera utzitako hitzordu batekin hastera doa mendi irteeren agenda. Irailaren 21ean egingo dute ikasturteko lehen irteera, Euskal Herriko erdigunera.
Nafarroan dago Euskal Herriko erdigunea, eta Unanu herritik atera eta Lizarragako portuan bukatuko duten ibilaldian zeharkatuko dute legazpiarrek, Beriain mendia igaro eta gero. 20 kilometroko ibilbidea izango da, eta 950 metroko desnibelekoa. Hauxe da ibilbidea: https://loc.wiki/t/231069038?wa=sc.
Izadi Zaleak elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, Euskal Herriko erdigunea 42°52′59″N 1°56′08″W koordenadetan dago kokatuta. “Felix Isasa ingeniariak egindako kalkulu zientifiko sakon baten arabera, euskal zentro geografikoa Andia mendilerroko paraje galdu batean dago. Gainera, Beriain-San Donato tontorretik oso gertu dago, Olibesario saroian. Euskal Herriko zilbor hau zulo batean dauden harrizko zirkulu zentrokideekin identifikatzen da. Ingeniariak barizentroaren metodo konplikatua erabili zuen, GPSaren eta eskala handiko mapen laguntzarekin, leku horri ohore hori emateko”.
Irailaren 21ekoa egun osoko irteera izango da, 07:00etan elkartetik irtenda, eta bazkalondoan itzulita. Izena eman behar da whatsapp bidez 943 73 11 68 zenbakian, eta ostegunean 18:30etik 19:30era, elkartean bertan.












