Familiei eskainitako saioei hasiera emango diete igandean, Zumalakarregi museoan
Ekainean museoan ireki zuten ‘Gipuzkoa behin betiko’ aldi baterako erakusketan oinarrituta dago saioa. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.
'Gipuzkoa behin betiko' erakusketaren inaugurazioko irudi bat. Zumalakarregi XIX. Mendeko Gipuzkoa osatzen izenburupean egingo dute familiei eskainitako lehen saioa igande honetan Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Saio hau ekainean museoan ikusgai jarri zen Gipuzkoa behin betiko: Lurraldea XIX. Mendean aldi baterako erakusketan oinarrituta dago. Igande saioan zehar, parte hartzaile bakoitzak bere mapa osatzeko aukera izango du Zumalakarregi museoak dituen herri ezberdinetako irudiak erabiliz eta erakusketak ikusgai dauden lurraldeko mapak oinarritzat hartuta.
Saioa 16:30etik 18:30era izango da eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Haur bakoitzeko sarrera 3 eurokoa izango da, gurasoek ez dute ordaindu beharrik izango. Museoko familia txartela dutenentzat prezioa 1,5 euro izango da. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean.












