‘Gipuzkoa behin betiko’ erakusketa, Zumalakarregin
‘Ipuscoa’ hitza idatzita agertu zela mila urte betetzen dira aurten. XIX. mendean Gipuzkoak izandako bilakaera islatzen du bildumak.

Zumalakarregi museoak Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean izeneko aldi baterako erakusketa ireki du, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu duen Ipuskoa: Izanetik izena proiektuaren baitan. Gipuzkoa hitza —Ipuskoa zehazkiago— lehenengoz dokumentu idatzi batean agertu zela mila urte betetzen dira aurten. Altzoko (Gipuzkoa) San Salvador de Olazabal eliza San Juan de la Peñari donazioan eman zitzaion dokumentuan, hain zuzen. Urteurrena aitzakia hartuta, aldundiak lurraldearen historia jaso du, oraindik Donostiako San Telmo museoan ikusgai dagoen erakusketan. Zumalakarregi museoak atzo ireki zuen erakusketa haren osagarri da, begirada XIX. mendean jarrita.
Gaur goizean aurkeztu dute prentsaren aurrean erakusketa eta arratsaldean (19:00) egingo dute irekiera ekitaldia. Mari Jose Telleria aldundiko Ondare Kulturaleko zuzendariak, Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxibozainak; Lourdes Azpiazu, museoko koordinatzaileak eta Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak hartu dute parte aurkezpen ekitaldian.
Telleriak azpimarratu duenez, «erakusketa honek iraganera begiratzeko aukera ematen digu; gaur egun, lurralde gisa nor garen hobeto ulertzeko». Gipuzkoa lehen aldiz aipatu zenetik mila urte bete diren honetan, XIX. mendeari erreparatzeak duen garrantzia nabarmendu du, «gure nortasun ezaugarri asko finkatu baitziren orduan». Aldundiko Kultura departamentutik memoria historikoa aldarrikatzeko nahia ere aipatu du, «Gure historia ezagutzea etorkizun justuagoa, demokratikoagoa eta bere ondareaz kontzienteagoa eraikitzeko modu bat ere bada».
Hiru alor, erakusketa bat
Hiru alor nagusitan oinarrituta dago erakusketa. Batetik, bibliografia aipatu behar da, «XIX. mendean jaso ziren lehendabizikoz Gipuzkoako historiari buruzko gertaerak idatziz», Alberdik azaldu duenez. Pablo Gorosabel, Francisco Lopez Alen, Carmelo de Echegaray, Nicolas de Soraluce edo Manuel Larramendiren argitalpenak jarri dituzte ikusgai, baina Juan Ignacio Iztuetaren eskuizkribua nabarmendu du Alberdik guztien gainetik, «euskaraz idatzitako Gipuzkoari buruzko lehendabiziko liburukia delako».
«XIX. mendean jaso ziren lehendabizikoz Gipuzkoako historiari buruzko gertaerak idatziz»
MIKEL ALBERDI. Zumalakarregi museoko artxibozaina
Garaiko kartografia «lan ederrak» ere ikusgai daude: Jose Joaquin Olazabal Arbelaiz irundarraren mapak eta Francisco Boronat edo Martin Ferreiroren atlasak, besteren artean. Berebiziko garrantzia du XIX. mendeak Gipuzkoaren historian, «1845ean, Oñatiko konderria Gipuzkoari batu zitzaionean egitaratuko baita lurraldea geografikoki gaur egun ezagutzen dugun bezala».
Azken begirada ikonografiari dagokiona da, «Album de Guipuzcoa izeneko argitalpenean argitaratutako grabatuak erabili ditugu horretarako, garaiko Gipuzkoa irudikatzeko». Grabatu originalez gain, XIX. mendeko irudiez osatutako mapa interaktibo bat ere jarri dute erakusketan: «Gipuzkoako 50 udalerriren irudiak daude bilduta; tartean, baita Ormaiztegikoa ere, trenzubiari esker argitalpenean jasota geratu baitzen».
Urtarrilaren 4ra arte ikusgai
Foraltasunaren eta sistema liberalaren nagusitasunaren arteko lehiaren lekuko izango da Gipuzkoa XIX. mendean, honek suposatuko dituen aldaketekin. Hala, garai hartan aldundiak enkargatutako tamaina handiko bi olio margo ere ikusgai daude erakusketan. Eugenio Azkuek 1854an margotutako Gipuzkoaren armarria batetik, eta Jose Etxenagusiak 1889an alundiko jauregian jarri zuten beiratearen oinarri izan zen margolana, bestetik; zeinean, Gaztelako errege Alfonso VIII.ena ageri den Gipuzkoako foruei zin egiten.
Garaiko lurraldetasunari buruzko beste hainbat gertakizun ere islatu dituzte erakusketan, «Gipuzkoaren hiriburutza Donostian finkatu zenekoa, adibidez, Tolosarekin izandako tirabirak adieraziz».
Jose Ignacio Iztueta protagonista izango da arratsaldeko irekiera ekitaldian ere. Aratz Igartzabal bertsolariak hark XIX. mendeak idatzitako bertsoak kantatuko ditu eta Aurtzaka dantza taldeko Ilazki Azaldegik eta Jon Goiak Iztuetaren moduan doinu zaharrak dantzatuko dituzte. Gipuzkoa behin betiko erakusketa urtarrilaren 4ra arte egongo da ikusgai Zumalakarregi museoan.