Hasi da Korosting 24 ordu erronka
Lehen partaidea 13:00etan atera da Euskal Herria plazatik. Biharko 13:00ak bitartean txandaka eta etengabe Korostira igotzen eta jaisten ibiliko dira korrikalariak.
Urriaren 12an jokatuko diren Korosti Trail mendi lasterketen atariko, gaur 13:00etan abiatu da Legazpiko Euskal Herria plazatik Korosting 24 ordu erronkako lehen partaidea. Korosti Traileko antolatzaileek herriko korrikalariei egindako desafioa da. Banan-bana eta txandaka, biharko 13:00ak arte Korosti edo Gorostiaga mendira etengabe igotzen eta jaisten ibiliko dira korrikalariak. Duela egun gutxi botatako erronka da, eta txanda guztiak beteta daude. Partaide gehienak gizonezkoak dira.
Ordu bete inguruko jarduna da korrikalariek mendian gora eta behera egin behar dutena, eta 24 orduko erronka betetzeko, beste hainbeste txanda egingo dituzte, batzuk bakarka, beste batzuk bikoteka edo talde txikian. Igoera eta jaitsiera guztiak batuta, 144 kilometro izango dira, eta 13.000 metroko desnibel positiboa.
Iaz ere egin zuten antzeko balentria, baina orduan lagun artean geratu zen ia dena. Aurten, herritar guztiei zabaldu diete parte hartzeko aukera, eta oso harrera ona izan du deialdiak.













