Landago proiektuko ibilgailu autonomoa aurkeztu dute gaur Zerainen
Udako ikastaroen baitan aurkeztu dute Europa mailan aitzindaria den ibilgailu hau.
Landago proiektuko ibilgailu autonomoaren aurkezpena, gaur Zerainen.Josune Zarandona 2024ko azaroan aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketan ibilgailu autonomo eta jasangarri baten bidez landa inguruneko biztanleen mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko duen Landago proiektua. Gaur, Zerainen aurkeztu dute ibilgailu berezi hau, udako ikastaroaren baitan.
Aurkezpenak herritarren ikusmira sortu du eta plaza jendez bete da ibilgailua gertutik ikusteko. Eskolako haurrek ere kotxea barrutik nolakoa den ikusteko aukera izan dute. Zerainlab elkarteko eta Landago proiektuaren bultzatzaileak, Andoni Alustizak; Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak; Aitziber Larumbe eta Eurogapeko bazkide zuzendariak hartu dute parte, besteak beste aurkezpenean.
Begi edo kamera ugariz hornituta dago ibilgailua, egiten dituen bidaiak nolabait ikasteko. Informazio hori ordenagailu batean gordetzen du gero, etorkizunean ibilbideak modu autonomoan eta gidaririk gabe egin ahal izateko. Abaltzisketa eta Amezketa artean probak egin dituzte, autoak errepide zati hori memorizatzeko eta bigarren fase batean Zerain eta Segura arteko errepidea “ikasten” jarri nahi dute. Hasiera batean, Zerain eta Segura arteko fasea abuztuan hastekoa bazen ere, atzeratu egin dela adierazi dute eta ez dute data zehatzik eman nahi, baina 2026a izango dela baieztatu dute.
Ibilgailu autonomoak gaur gaurkoz ez dira errealitatea Europan, baina “etorkizuna” direla azpimarratu dute aurkezpenean. Europa mailako araudi bateratu bat beharrezkoa da lege aldetik, ibilgailu mota hauek etorkizunean funtzionatu dezaten, eta horretan ari dira lanean. Herritarren artean zer onarpen duen jakitea ere beharrezko dela aipatu dute, “jendearen beharretara egokitutako teknologia bat izatea beharrezkoa baita”.
Europa mailan mugikortasun autonomoan aitzindaria da proiektua da eta udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea du helburu, udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen zerbitzu berritzaile bat garatuz.
















