Mugikortasun autonomoko proiektu aitzindaria abiaraziko du aldundiak Zerain eta Segura artean
Herri txikietako garraio aukerak eraldatzea du helburu proiektuak. Abaltzisketa eta Amezketa artean probatuko da lehenengo. 2025eko abuztua eta abendua bitartean, Zerainen eta Seguran.
Europa mailan berezia izango den ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ibilgailu autonomo eta jasangarri baten bidez landa inguruneko biztanleen mugikortasuna hobetzea ahalbidetuko duena. Proiektu pilotua da momentuz, eta lehenengo fase batean Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepide tartea, eta Zerain eta Segura artekoa aztertuko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako LandaGO mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua da, atzo Abaltzisketan aurkeztu zuena. Ibilgailu jasangarria eta autonomoa izango da, proba pilotu fasean dagoena, eta datozen hilabeteetan ibiliko dena frogatuko den udalerrien artean.
Eider Mendoza diputatu nagusiak ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuen eta bertan izan ziren, besteak beste, Xabier Arruti eta Ane Insausti, Lurralde Oreka Berdeko eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak; Iñaki Aizpurua, proiektuaren koordinatzailea; Oihana Otaegi, Vicomtecheko Garraio eta Segurtasun dibisioko zuzendaria; Sara Ahetze Puignau, BCCAMeko zuzendari teknikoa; eta Aitziber Larumbe, Eurogapeko bazkide zuzendaria.
Mendozak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Europa mailan “mugikortasun autonomoan aitzindaria” den proiektua izango da eta “udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea” du helburu, udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen “zerbitzu berritzaile” bat garatuz.
Esperientzia pilotuaren lehen fasea azaroan jarriko da martxan, eta lehen probak egiteko Abaltzisketa eta Amezketa arteko bidea hautatu da. Gipuzkoako landa inguruneko ohiko erronkak irudikatzen dituen eremua da, kontuan izanda bertako maldak, bihurgune itxiak eta baldintza aldakorrak. Baldintza horiek ahalbidetuko dute ingurune konplexu batean teknologiaren bideragarritasuna ebaluatzea eta etorkizuneko ezarpenetarako datu kritikoak ateratzea. Bi udalerri horietako biztanleek prototipoa frogatu ahal izango dute 2025eko martxotik abuztura bitartean ezarriko diren proba egunetan, esperimentazio fase honen zati gisa, beren iritziak partekatu ditzaten eta, horrela, ibilgailua etorkizuneko erabiltzaileen beharretara egokitu dadin.
Hurrengo pausoak
Lehen fase honetan egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. Bigarren proba honetan, Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak aplikatuko dira, eta datu gehiago bilduko dira gidatzeko erronka handiagoak dituen ingurune batean. Urrats hori errepikatu egingo da ibilbide berri bakoitzean, zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzeko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.
Proiektuaren egutegiari jarraituz, aurreikusten da 2025ko abuztuaren erdialdetik 2026ko amaierara arte beharrezko azpiegiturak eta baldintzak garatu eta prestatu ahal izango direla eta 2026ko erdialdetik aurrera Abaltzisketa eta Amezketa eta Zerain eta Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izango direla. Ondoren, proiektu hori zabaltzeko eta enpresekin lankidetzan jarraitzeko lanean jarraituko da, 2030ean Gipuzkoan landa mugikortasun autonomoko eta iraunkorreko eredu bat eduki ahal izateko.