Legazpiko Udalak bere irudi korporatibo berria aurkeztu du
Plazan egindako ekitaldi xume batean egin zuten atzo arratsaldean aurkezpena Eric Galvez alkateak, David Guerreiro diseinatzaileak eta Gorka Gomez irudiaren egileak. Ane Belokik aurkeztu zuen ekitaldia, eta Jesus Castillejok eta Ainhoa Enatarriagak musika jarri zuten.
Legazpiko Udalak bere irudi korporatibo berria aurkeztu zien atzo arratsaldean herritarrei, plazan egindako ekitaldi batean. Ane Belokik gidatuta eta Jesus Castillejok eta Ainhoa Enatarrigak musika jarrita, Eric Galvez alkatea, irudia aukeratzeko lehiaketan epaile izan den David Guerreiro diseinatzailea eta irudiaren egile den Gorka Gomez arduratu ziren aurkezpenaz.
Sorgintxulo aisialdi taldeko kideek ere parte hartu zuten, eta logo berriarekin txapak eta marrazkiak egiten lagundu zieten bertaratu ziren haurrei.
Alkateak eskerrak eman zizkieten irudi korporatiboa aukeratzen lagundu duten guztiei, eta Guerreirok hautaketa prozesuaren berri eman zuen. Gomezek, azkenik, egin duen lanari buruzko azalpenak eman zituen.
Gorka Gomezen diseinua
Gomezek azaldu zuenez, Ricardo Mediavilla errementariaren eta Juan Mari Burguera eskultorearen eskutik iritsi zitzaion “inspirazioa”, bi legazpiar horiei ateratako argazkietatik, hain zuzen.
Irudia bi pieza irregularrekin dago osatuta, “bi bloke dira, burdina irudikatzen dutenak, mailua eta ingudea. Ez dira geometrikoki perfektuak, irregularrak dira, eskuz egindako lana iradokitzen dute”.
Bi bloke horiekin L hizkia osatu du, erdian hutsune bat utzita, eta hutsune horrek “esanahi sinbolikoa” du, “alde batetik, antzinako lana irudikatzen du, burdinoletakoa. Gaur egun ez da herriaren ardatza, baina herriaren identitatean txertatuta dago, logoan bezala. Bestetik, hutsune hori presente dagoen absentzia irudikatzen du, eta alde horretatik, Txillidari omenaldi txiki bat ere bada, berak esaten zuelako askotan hutsuneak materialak bezain garrantzitsuak zirela”.
Koloreari dagokionez, beltza da aukeratu duena, hori ere herriaren identitatearekin lotuta dagoelako. “Tintaren pigmentu beltza gure identitatetik eratorria da, burdinoletako lanetarako ezinbestekoa. Eta inprimatzeko garaian, produktu ekologikoa eta ekonomikoa da”.
Poltsa banaketa
Gomezen diseinu hori Legazpiko Udalaren irudi korporatibo berria da dagoeneko. Atzoko aurkezpenean presente egon zen kartel batean, eta herritar askok opari gisa eraman zuten, irudi berri hori zeramaten oihalezko poltsak banatu zituelako udalak ekitaldian izan ziren guztien artean.


























