Ordiziako Euskal Jaietako azken ekitaldiak egingo dira gaurtik igandera
Gaur futboleko eta saskibaloiko taldeen aurkezpenak egingo dira Plaza Nagusian. Biharko sagardo festan, 17 sagardo izango dira dastagai. Igandean Lazkao Txiki bertso paper lehiaketako sari banaketa egingo da Barrenan.
Iazko sarituak, lehiaketaren antolatzaile eta Lazkao Txikiren ilobekin.Maider Insausti Euskal Jaien amaierara iristen ari da Ordizia. Gaur, 19:00etan, Plaza Nagusian, Urdaneta dantza taldearen emanaldia eta Kantu Jira izango dira Kantazak taldearekin.
20:00etan, berriz, Plaza Nagusian, Ordizia Futbol Elkartearen 2025-2026 denboraldiko taldeen aurkezpena egingo dute eta ordubete beranduago, saskibaloi taldeena. Saskibaloi elkartekoak 19:00etan Majori Kiroldegiko kantxan elkartuko dira denak batera familia argazkia ateratzeko. Ondoren, kalejiran Majoritik Ordiziako plazara joango dira, 21:00etan, taldekako aurkezpenak egiteko.
Sagardo festa
Bihar, goiz eta arratsalde (11:00-13:30 / 16:30-20:00), haur parkea izango da puzgarriekin. Iluntzean ere ez da festa girorik faltako: 19:00etan, Zuhaiztian, sagardo festa izango da. Hamazazpi sagardo dastatzeko aukera izango da: Aburuza (Aduna), Akarregi (Hernani), Alorrenea (Astigarraga), Altuna (Urnieta), Astarbe (Astigarraga), Calonge (Donostia), Gurutzeta (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ordozelai (Oiartzun), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia), Tximista (Ordizia), Urbitarte (Ataun), Urdaira (Usurbil), Zabala (Aduna) eta Zelaia (Hernani).
Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa
Euskal Jaiekin amaitzeko, bihar 12:00etan, Barrenan, Argi Berri elkarteak antolatzen duen Lazkao Txiki XXXIV. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo da.
Eta igandea, umorez amaituko dute ordiziarrek. 19:00etan, Herri Antzokian, Nortasun Agiria bakarrizketa aurkeztuko du Zuhaitz Gurrutxagak.












