'Patria, la buena' liburuaren bigarren edizioa
Ricardo Gomezek argitaratutako ‘Patria, la buena’ eleberri beltza argitaratu zuen martxoan. 1985-1986an kokatu du trama idazle ordiziarrak. Liburuaren aurkezpenak egingo ditu datozen egunetan Euskal Herrian eta Espainian.
Ritxar Gomez, lehen edizioarekin Barrena parkean.Loinaz Agirre Ricardo Gomez ordiziarrak jakinarazi duenez, martxoan argitaratu zuen ‘Patria, la buena’ eleberriaren bigarren edizioa inprentatik atera berria da.
“Albiste on” hori ospatzeko, irailean eta urrian aurkezpen bira egingo du, Euskal Herrian eta Espainian. Oraingoz data hauek zehaztuta ditu.
- Irailak 20. Gasteizko Zuloan, 12:30ean.
- Urriak 2. Vallecas (Madril). Esquina del Zorron, 20:00etan.
- Urriak 3. Madrilgo Lavapies auzoan, Traficantes de Sueños liburutegian, 19:00etan.
- Urriak 4. Mostoles (Madril, Espainia), Delio Comic.
- Urriak 18. Plentzian (Bizkaia), Bruma Negra zikloan.
- Urriak 24. Xixonen (Asturias, Espainia), La Revoltosan, 19:30ean.
- Urriak 25. Oviedon (Asturias, Espainia), Cambalachen 19:00etan.
- Urriak 30. Antsoaingo (Nafarroa) Txoko Gorrin.
‘Patria, la buena’
Bicis, drogas ,oficinas bere azken lanaren ostean, fikzioa eta errealitatea uztartzen dituen beste eleberri batekin itzuli da Ricardo Gomez (Vigo, Galizia, 1970) ordiziarra literaturaren mundura. Patria, la buena eleberri beltza kaleratu berri du Autsaider argitaletxearekin. ETA, GAL, eta Television Españolako Un, Dos, Tres… responda otra vez programa elkartu ditu istorio berean. Ordizian eta Beasainen egongo da salgai.
«Zer gertatuko litzateke ETAko bi kide Madrilera joango balira Un, Dos, Tres programan parte hartzera, hala Madril komandoa antolatu eta Torreviejako apartamentua eskuratu eta hori Levante komandoko base bezala erabiliz gero?». Hala dio liburuaren sinopsiak. 1985 eta 1986. urteen artean kokatu du trama ordiziarrak. Lehenengo eszena 1985eko irailean da, Donostiako Zinemaldian, eta azkena, NATOren inguruko erreferendum kanpainaren itxiera gauean, 1986ko martxoaren 10ean.
Alberto Martin Legorburu gaztea da protagonista eleberri hasieran. Guardia Zibilarekin sator lanean aritzen den langabetua eta droga saltzailea da. Torturen berri duenean Baionara ihes egingo du, eta Monbar hotelean dagoela, akabatu egingo dute. Era berean, bere ama Arantxa Legorburu Un, Dos, Tres programan parte hartzeko hautatuko dute, eta atsekabetuta egon arren, bere beste seme Angelekin eta Angelen bikote izandako Irenerekin joango da. Irene, aldi berean, nahita itzuli da Angelen bizitzara; ETAko militantea da, eta programan parte hartu nahi du Madrilen erakundeak Madril komandoa antola dezan. Angelek, baina, beste plan batzuk izango ditu eta hankaz gora jarriko du erakundearen eta Ireneren ideia.
Espainiako estatuko zerbitzu sekretuen presiopean, De Pedro erakundeko buruetako bat Madrilen dela kontatuko die. Ordainetan, poliziek Alberto nork akabatu zuen esango diotela aginduko diote. Egoera konplikatu egingo da GALeko kideak agertzen direnean. Barne Ministerioarekin batera, nano bat, narkotrafikatzaile bat, Mayra Gomez Kemp, Doña Manolita eta garai hartako beste hainbat pertsonaia gurutzatuko dira istorio nagusian.












