Ordizia, Gipuzkoako sagardogileen topaleku
Sagardoa kopan dastatzeko aukera izan dute Ordiziako Zuhaiztira gerturatu direnek, sagardogileek beraiek zerbitzatuta. Hemezortzi sagardogile elkartu dira, horietako hiru Goierrikoak.
Gipuzkoako hemezortzi sagardogile, gaur arratsaldean Ordiziako Sagardo Egunari hasiera ematen. Iñaki Gurrutxaga Ordiziako Euskal Jaiak azken txanpan dira, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, bigarren larunbatean sagardo dastaketa egin dute Zuhaiztian Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta. Hemezortzi etxetako sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek, kopan, eta sagardogileek beraiek zerbitzatuta: sei euroan hamar trago. Sagardogile horietako hiru Goierrikoak izan dira: Ataungo Urbitarte, Zeraingo Oiharte eta Ordiziako Tximista.
Iazko uzta botilan eta aurtengoa sagastian
Joan den astean Donostian bezala, Ordizian ere 2024ko uzta dastatu ahal izan dute han izan direnek. Iazko uzta txikia izan zen kopuruan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek 1,2 milloi litro egin baitzituzten, horretarako 2 milioi pasako sagar kilo bilduta. Kopuru txikiagoa izanda, izaera eta gorputz handiko sagardoa izan zen. Sagardoak dastatzeko puntu oso egokian izan dituzte daude kontsumitzaileek, luzera ondo garatzen direnak baitira asko.
Ordiziako Sagardo Eguna eta sagar uzta berriaren hasiera data bertsuan izaten dira. Sagarra biltzen datozen egunetan hasiko dira sagastirik gehienak eta beraz sagardoa egiten sagardotegirik gehienak. Uzta handia dago kopuruan, sagar urtea izateaz gain, euri dezente egin baitu aurtengo udan Gipuzkoako hainbat lekutan eta sagarrak hazteko aukera izan du. Upategiek sagarra izango dute aukeran Euskal Sagardo desberdinak egin ahal izateko.

Sagardoa kopan dastatu ahal izan dute Zuhaiztira joan direnek, sagardogileek beraiek zerbitzatuta.Iñaki Gurrutxaga












