Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza sariari, Palestinari elkartasuna adierazteko keinu gisa
CAF enpresa da Igartza sariaren babesle nagusietako bat. Alkaizak ohar bidez nabarmendu du "genozidioaren konplize" dela, eta ez duela nahi enpresak bere burua "kulturaren bidez zuritu" dezan. 10.000 euroko laguntzari egin dio uko.
Saioa Alkaiza Elkar argitaletxearen egoitzan, Donostian, asteazken goizean.Ariane Vierbücher Joan den asteazkenean iragarri zuten Igartza literatur sariketaren 28. aldiaren irabazlea: Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991). Katu ileak txandaletan izeneko nobela proiektuagatik nabarmendu zuen epaimahaiak, eta, ohi denez, gogora ekarri zituzten bekaren gerizpean idazleak eskuratutako onurak eta bete beharreko epeak: 10.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza sariak, eta urtebeteko epea dago azken emaitza aurkezteko. Ordea, irabazlearen iragarpena egin eta hiru egun eskasera, sariari uko egin diola jakinarazi du Alkaizak. Beka bazter utziko du, eta argi eman du bere argudioa komunikatu batean: «Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari diren genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko, uko egiten diot Igartza sariari».
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute saria, eta azken hori da finantzatzaile nagusienetako bat. Besteak beste, idazleak salatu du CAFek «kulturaren bidez zuritu» nahi duela bere burua, eta, dioenez, hori bera oztopatzeko aukera gisara baliatu du, horregatik, keinu hau. «Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu».
Enpresak genozidioan duen «inplikazioa» nabarmendu du idazleak. NBE Nazio Batuen Erakundeak CAFi buruz eman berri duen txostena ere ekarri du gogora: «CAFen jarduera jopuntuan jarri du, gerra krimenetatik etekina ateratzen duen enpresetako bat delako, eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trenak palestinarren burujabetzaren kontra egiten duelako».
BDZ taldearen balorazioa
Notiziaren berri eduki eta berehala, Alkaizaren erabakiari buruzko balorazioa plazaratu du BDZ Boikot, Desinbertsioen eta Zigorren aldeko nazioarteko taldeak. Idazleak emandako pausoa «txalotu eta eskertu» du BDZk, eta onartu ez dela erraza «halako aukera bati» uko egitea.
Dena dela, Elkar argitaletxeari eskeak egiteko ere baliatu du aukera BDZk. Argitaletxeari galdegin diote «hausnartu» dezala eta egin ditzala urrats batzuk CAFekin duen harremanari dagokionez. «Erabaki ausartak hartzera gonbidatu nahi dugu, genozidekin kolaboraziorik onartuko ez duen kultur mundu baterantz pausoak ematera».
BDZk azaldu dutenez, hau ez da Palestinaren genozidioaren gaiari buruz Elkar argitaletxearekin hitz egiteko eginiko lehenbiziko urratsa. Esan dute aurrez ere eskatu izan diotela CAFekin abian dauzkaten kolaborazioei buruz hausnartzeko Eta, Igartza sariagatik ez ezik, euskarazko ekoizpena sustatzeko beste proiektu batengatik ere eskatu ditu aldaketak BDZk azkenaldian: euskarazko zientzia dibulgazioaren CAF-Elhuyar sariagatik.
Elhuyarrekin ere jarri izan da harremanetan BDZ horretarako. Edonola ere, antolatzaileek sariketa etetea erabaki zuten aurtengo uztailean, «sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez zegoelako».













