Txapela lehen partaidetzan
Unai Etxarrik, Jon Perez de Arenazak eta Jesus Martinezek irabazi dute Legazpiko 41. Sukaldaritza lehiaketa. Hemezortzi taldek hartu dute parte, inoiz baino gehiagok.
Legazpiko 41. Sukaldaritza Lehiaketaren irabazleak, epaileekin eta udal ordezkariarekin.Iñaki Gurrutxaga Legazpiarren artean gero eta estimazio gehien duen ekitaldia da sukaldaritza lehiaketa. Iaz hamabost izan baziren, aurten hemezortzi izan dira aurkeztutako platerak, inoizko partaidetzarik handiena. Batzuek elkartearen izenean, besteak familian, lagunartean ere bai. Gero eta anitzagoa partaideen profila. Aurtengoa 41.a izan da.
Itsas-zapoa amerikar erara prestatu dute, eta 13:30ak aldera hasi dira Joxema Azpeitia gastronomia kazetaria eta Idoia Lasa sukaldaria platerak dastatzen. Epaileen arabera, Unai Etxarrik, Jon Perez de Arenazak eta Jesus Martinezek prestatu dute platerik goxoena, eta haientzat izan dira txapelak. Lehen aldiz eman dute izena lehiaketan.
Bigarren Legazpi Musika Banda sailkatu da eta hirugarren Iratzarri emakume elkartea. Taldeko argazkiak ateraz bukatu dute goizeko jarduna.












