Abian da Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren laugarren aldia
Arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena sustatzea eta gazteak hizkuntza ohituren inguruan kontzientziatzea da helburua. Urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke lanak.
Zaldibiako LH5-6 kategoriako ikasleak, iaz Bergaran, publikoaren saria jasotzen.Arnasa Gara Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketa antolatu du aurten ere, laugarren aldiz. 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da. Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte, banaka edo taldeka. Bi minutuko ikus-entzunezko lanen bidez, euskarari lotutako istorioak kontatu beharko dituzte parte hartzen dutenek, eskatutako gaiaren inguruan.
Arnasguneetako gazteen sormena sustatzea eta gazteak hizkuntza ohituren inguruan kontzientziatzea da helburua. Hiru kategoriatan banatzen da: LH 5. eta 6. mailako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte; DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte; eta DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketeen.
Urriaren 31ra bitartean
Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko bonua jasoko du, eta kopuru bera publikoaren saria irabazten duenak. Besteak beste, IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, Goazen! eta Irabazi arte! telesailen EITBren merchandisingean edo Gure Zirkuan erabili ahal izango dituzte bonuak.
Lanak bidaltzeko epea zabalik dago, urriaren 31ra arte. Iaz, 260 lan jaso zituen lehiaketak, eta 4.200 bozkatik gora publikoaren sariak. Hain zuzen, Zaldibiako Lardizabal herri eskolako LH 6. mailako ikasleek irabazi zuten publikoaren saria.
Arnasguneak Goierrin
Goierriko hamabost udalerri dira UEMAko kide: Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Mutiloa, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.












