Agorreko Santikutzek itxi dute Legazpiko jaien erronda
Asteburuan ospatu dira, jende ugari elkartu duten ekitaldiz beteta. Aipagarria izan da sukaldaritza lehiaketaren partaidetza handia, eta castellers taldeek eta erraldoiek kalean jarritako giroa. Alderdi negatiboan, txosnan egindako lapurreta kokatu behar da.
Agorreko Santikutzak amaituta, amaitu da baita ere Legazpiko urteroko jaien erronda. Maiatzeko jai nagusiak izaten dira lehenak, Hegialdekoak, Telleriartekoak, Aztiriakoak, San Ignaziokoak eta Brinkolakoak ondoren. Irailaren 14aren bueltan ospatzen diren Agorreko jaiak dira egutegiko azkenak.
Aurten, irailaren 12tik 14ra bitartean ospatu dira, pasa den asteburu honetan, eta atzo amaituta, agerian dira azken arrastoak, Azoka inguruan oraindik jasotzeko zegoelako eguerdian txosna hartu duen karpa. Hortxe gauzatu da, hain zuzen, jai hauen egitarauko zati handi bat, musikari eskainita batez ere. Aipagarria izan zen The Vellvet Bullets taldearen emanaldia, larunbat iluntzean. Gau horretan, berriz, goizaldera, lapurreta egin zuten txosnan.
Gertaera beltz hori kenduta, jai jendetsuak izan dira eta oso giro onean ospatu dira, eguraldiak lagunduta gainera. Ostiral arratsaldean hasi ziren, Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatutako bizikleta festarekin, eta atzo iluntzean amaitu ziren, Legazpi Musika Bandak eta Legazpiko gaiteroek egindako kalejirarekin.
Bizikleta festako sariak
Bizikleta festan hiru bizikleta zozkatu zituzten antolatzaileek, eta Zuhaitz Irigoras, Zuhaitz Fernandez eta Oier Etxeberria izan ziren irabazleak. Gainera, Zatika dendari esker, hainbat botila, galtzerdi, argi islatzaile, tinbre eta betaurreko ere zozkatu zituzten.
Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Zatikari lankidetza horretatik, baita Zerki enpresari ere, eta bereziki, festan parte hartu zuten boluntario guztiei.
Sukaldari ugari eta castellers taldeak
Aipagarria izan da sukaldaritza lehiaketako partaidetza handia, aurten 18 sukaldari talderekin. Unai Etxarrik, Jon Perez de Arenazak eta Jesus Martinezek osatutako hirukoak prestatu zuen itsas-zapo platerik goxoena, amerikar erara.
Sukalde kontuak Azokan geratu ziren larunbat goizean, eta kalean castellersak eta erraldoiak izan ziren protagonista egun osoan zehar. Korosti dantza taldeak gonbidatuta gizakiez osatutako gazteluak jasotzen ibili ziren bi castellers talde, bata Bartzelonako Viladecansekoa, eta bestea Oñatikoa. Herrian zehar hainbat geldialdi egin zituzten, inguruan bildutako jendetzari konposizio ikusgarriak eskainiz. LEK Legazpiko Erraldoi Konpartsaren eskutik egindako erraldoi eta buruhandien alardeak ere publiko asko bildu zuen inguruan.
Gernika enparantzan ere legazpiar asko elkartu zen ostiral iluntzean, Doinua Musika Eskolak antolatutako kantu afariaren inguruan. Doinuako musikariek gidatuta, makina bat talde igo zen taulatura kantatzera, aurrean zuten publikoaren gozamenerako.
Tradizioak ere ez du hutsik egin aurten, eta jai hauetan ohikoa den erromeria egin zen atzo, Gorostiaga mendian, meza, hamaiketako eta Goiz Deia txistularien saio eta guzti.
ARGAZKIAK: bizikleta festa eta Korostiko erromeria, Juan Luis Ormazabak; gainerakoak, Tere Madinabeitia












