Legazpiko txosnaren arduradunen salaketa, larunbat gaueko lapurretaren aurrean
Txo_esna kolektiboak idatzi bat kaleratu du "gertaera tamalgarri hori" salatzeko.
Agorreko Santikutzetako txosna gunea, larunbat arratsaldeanTere Madinabetia Agorreko Santikutzetan lapurreta egin zuten txosnan larunbatetik igandera bitarteko goizaldean. Irekita zegoela, ezezagun batzuk bertako diru kutxa lapurtu zuten, karpan zuloa eginda. Txo_esna antolakuntzak, Itaiak eta Kontseilu Sozialistak kudeatu dute aurten txosna.
Lapurretaren ondoren, Txo_esnak honako idatzia zabaldu du sare sozialen bidez, lapurreta salatzeko:
“Txo!Esna antolakuntzatik larunbat gauean jasan genuen gertaera tamalgarria salatu nahi dugu.
Goizeko 05:30 aldera eta oraindik lanean geundela, txosnako karpa zulatu eta bertatik diru kaxa lapurtu ziguten. Honek kalte ekonomikoa ez ezik, bestelako kalteak ere eragin dizkigu. Erasoa ez da materiala bakarrik izan, baizik eta jaien antolakuntzan konprometitua gauden pertsona guztien aurkako eraso bat ere izan da. Izan ere, ezin dugu ahaztu egiten dugun hau guztiona eta guztiontzat dela. Antolatzen dugun ekintza bakoitza, kontzertu bakoitza eta xehetasun bakoitza guztien gozamenerako pentsatuta dago, eta gogoratu nahi dugu bertan lanean geunden pertsonok ez dugula honetatik inongo onura pertsonalik ateratzen. Ilusioak, talde-lanak eta ardura hartze desinteresatuak egiten dute posible espazio hau.
Guzti honengatik, gertaera hau irmoki salatu nahi dugu, eta argi utzi nahi dugu ez ditugula horrelako ekintzak inolaz ere onartuko”.












