Pentsiodunak plazetara itzuli dira
Goierri beheko pentsiodunek Ordizian egin dute ikasturteko lehenengo elkarretaratzea. Hurrengoa, irailaren 22an, Beasainen egingo dute, 11:00etan, Zubimuzu plazan.
Ordizian egin dute asteleheneroko elkarrretatzea. Goierriko pentsiodunek ikasturteko asteleheneroko lehen elkarretaratzea egin dute gaur 11:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian. Hurrengoa, irailaren 22koa, Beasainen egingo dute, Zubimuzu plazan.
Elkarretaratzearen amaieran oharrean salatu dutenez, “145.000tik gora sinadurarekin (3.000tik gora Goierrin) babestutako Herri Ekimen Legegilearen aurkako txostenarekin Eusko Jaurlaritzak bere benetako aurpegia erakutsi du”. Pentsiodunen esanetan, “bitxia da 8 puntu eskaintzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak
pentsiodunei diru-sarrera duinak bermatzen dizkiola frogatzen saiatzeari, eta bakar batean (9.a) soilik arrazoitzea HELak arriskuan jar lezakeela finantza publikoen iraunkortasuna”.
Izan ere, DSBE-RGIak ez diola pentsiodunen errealitateari erantzuten gaineratu dute. “Gizarte Segurantzan euskal herritarren 56.000 kotizazio-peko pentsio daude, gutxienekoetarako osagarriak jasotzen dituztenak, eta DSBE-RGIan 16.000 baino ez daude, kasu honetan kotizazio gabekoak barne. Zenbakiek dena esaten dute”.
Bestalde, eman dituzten datuen arabera, 20.000 pentsiodun inguru daude DSBE-RGI kobratzeko baldintzak betetzen dituztenak (gehienak emakumeak) eta Eusko Jaurlaritzak ez diete ordaintzen de ofizio”.
Era horretan, “Eusko Jaurlaritzaren erasoaren aurrean”, astelehenetan plazatan jarraitzearekin batera, datorren larunbaterako, irailak 20, hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko dei egiten du. Gipuzkoako, Donostian izango da 12:00etan, Bolubarretik aterata.
Datorren astean, berriz, irailaren 25ean, Gasteizko legebiltzarraren aurrean elkartuko dira, “145.142 sinadurak emandako babesarekin aurkeztua dugun Herri Ekimen Legegilea onartu dezaten Parlamentuan tramitatzea, eztabaidatu, bozkatu eta onartu dezaten”.
Gasteizera joateko autobusa jarri dute Goierritik (12 euro). 09:00etan, Beasaingo Usabiaga enpresa paretik abiatuko da autobusa. Itzulera, 15:00ak aldera aurreikusten dute.













