Haziek eman dutena dastatzeko ordua
Udaberriko hazi trukearen ondoren, Zeraingo etxe eta baserrietan hazitako tomateen dastaketa antolatu dute, beste behin.
Zeraingo erosketa taldeak eta ZerainLab elkarteak antolatuta tomate dastatzea egingo dute beste urte batez, ostiral honetan Zerainen. Udaberrian antolatutako hazien trukaketarekin jarraitzeko asmoz, herriko baserri eta etxeetako tomateak dastatu eta, bide batez, datorren urterako haziak gordetzea da egitasmoaren helburua.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte dastaketan parte hartzera; etxeko tomateak eramanaz edota dastatzera gerturatuz. Dastaketa 18:30ean izango da, ostiralean, Liztormendi elkartean.













