Zaintza erdigunean jarrita, menopausiaren inguruko tailerra egingo dute bihar Zaldibian
Emakumeek izan ditzaketen alterazio fisiologikoak eta emozioetan izan dezaketen eragina aztertuko da, autoezagutzan sakonduta.
Emakumeek bizitzen duten etapetako bat da menopausia, eta maiz, informazio faltagatik edota ziklo horretan suertatzen diren aldaketengatik beldurra eta bakardadea sentitzen dituzte. Hortaz, menopausia ezagutu, ulertu eta ahalik eta etekin gehien ateratzeko tailerra egingo dute bihar arratsaldean Karreanen; besteak beste, emakumearen zaintza erdigunean jarrita, etapa honetan emakumeak izan ditzaketen alterazio fisiologikoak, emozioetan izan dezaketen eragina eta ongizaterako dauden baliabide ezberdinak izango dituzte hizpide.
Hori gutxi ez eta parte-hartzaileen autoezagutza ere sustatuko dute bertan, alegia, norberak bere gorputzean gertatzen dena identifikatzen ikastea eta bizi ohitura osasuntsuen bidez zaintzen ikastea. Hiru orduko tailerra izango da, 17:00etatik 20:00etara, Anabel Urkiola zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeutaren eta Uxue Castellano emaginaren eskutik.













