2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren fasean da Lazkao
Bederatzi proiekturen artean hiru aukeratu beharko dituzte bozketa bidez. Irailaren 30a izango da bozkatzeko azken eguna, udaletxean edo Internet bidez.
Herritarrek bozkak eman ditzaten egokitu duten udaletxeko gela. Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak martxan jarri du 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen ekimenaren bigarren fasea. Bertan, herritarrek beren herriarentzat lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuak aukeratu ahal izango dituzte. Herritarren 137 proposamen jaso ondoren, azterketa tekniko baten bidez hautaketa egin eta bederatzi proiektu bideragarritara murriztu da zerrenda. Orain, lazkaotarrek gauzatzea garrantzitsuenak iruditzen zaizkien hiru proiektuak hautatzeko aukera izango dute, irailaren 30era arte luzatuko den bozketa fase baten bitartez.
Udalak 100.000 euroko aurrekontua esleitu du hautatutako ekimenak aurrera eramateko, udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko eta biztanleek adierazitako beharrei erantzuteko.
Proposamenen artean hiru
Zentzu horretan, herritarrek hainbat proposamenen artean hiru aukera ditzakete, hala nola, espazio publikoak hobetzea, aisialdirako azpiegiturak sortzea edo mugikortasun jasangarria sustatzea. Ondorengoak dira bozketarako proposamenak: bizikleten aparkalekuak estaltzea (25.000 euro), auto elektrikoentzako karga-puntuak instalatzea (15.000 euro), plazan eserleku gehiago jartzea (10.000 euro), San Prudentzio auzoko iturria (2.500 euro), Hirigoien auzoko haur-parkean zorua berritzea (40.000 euro), bide-segurtasun neurriak auzoetara zabaltzea (20.000 euro), Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegian kirol-makina gehiago jartzea (20.000 euro), itzalkiak instalatzea igerileku estali gabean (12.000 euro) eta berdeguneetan landare eta zuhaitzak landatzea (10.000 euro).
Irailaren 30era arte
Dagoeneko zabalik da bozketa fasea eta irailaren 30era arte luzatuko da. Lazkaon erroldatuta dauden 16 urte baino gehiagoko pertsona guztiek parte har dezakete, norbanako bakoitzak bozketa bakarra emanda. Bi modu daude horretarako: bata, aurrez aurre, bozketa orriak udaletxeko erakusketa gelan dagoen kutxan utzita, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 19:00etara (larunbat eta igandeetan itxita); edota online, bozketa digitala udalaren webgunean dagoen inprimakia betez.
Animatzeko deia
Udalak herritar guztiei parte hartzera animatzen die, herrian egingo diren hobekuntzak zehazteko euren iritzia funtsezkoa dela azpimarratuz. Udalaren ustez, parte-hartze aktiboa «funtsezkoa» da «benetako lehentasunak eta beharrak» islatuko dituzten proiektuak aukeratzeko.













