Baserritarren Egunean artisau postua eskatzeko epea zabaldu dute
Urriaren 12an ospatuko da aurten Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketarekin eta Gipuzkoako Alboka Topaketarekin batera
Postuak Idiazabalen, iazko Baserritarren egunean. Maider Insausti Ohitura den bezala, urriko bigarren igandean Baserritarren Eguna eta Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa izango dira Idiazabalen. Gazta dastaketa, ganadu erakusketa, herri kirolen erakustaldia eta beste hainbat ekitaldi izango dira egunean zehar. Aurten beste osagai bat erantsiko zaio egunari, Gipuzkoako IV. Alboka Topaketa egingo baita, Euskal Herri osotik etorritako albokariekin.
Baina horrez gain, artisauen lanak eta baserritarren jakiak ikusi, dastatu eta erosi ahal izateko aukera ere izango da. Azokan postua jartzeko interesa duten ekoizleek eskaera egin beharko dute udalaren webgunean urriaren 1a baino lehen. Horretarako, web gunean aurkitu duten eskaera-orria jaitsi eta bete egin beharko dute, eta ondoren online erregistratu, dagokion gainerako dokumentazioarekin batera.
Azokako postuak 2×1 metrokoak izango dira eta udalak jarriko ditu. Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da.













