Beasaingo Garagardo Festak bihar arratsaldean irekiko ditu ateak
18:00etan hasiko da, Loinazko San Martin plazaren azpialdean. 37 garagardo izango dira aukeran eta jatekoa ere ez da faltako. Elkartasun zozketa egingo dute, euskal presoen kopurua eta egoera bistaratzeko.
Iraileko hirugarren asteburuan, bihartik larunbatera, Beasaingo Loinazko San Martin plazaren azpialdea garagardotegi bilakatuko da beste behin. Euskal Herriko eta nazioarteko garagardoak dastatzeko aukera izango da, Etxerat elkartearen ekimenez. Bihar irekiko dute. Barrari dagokionez, egunero 18:00etan irekiko da.
Hitzordu horretarako, «apustu sendoa» egin du antolakuntzak, ostera ere, garagardo eskaintza zabala izan dadin. 37 garagardo izango dira aukeran, 27 iturritik eta hamar gehiago botilatan: Pilsner txekiarrak eta alemaniarrak; Helles, Weissbier (Garizti) eta OktoberFestbier bavariarrak; Landbier eta Dunkelweizen txigortuak, eta Bockbier eta Doppelbock ilunak bavariarrak; Irish Ale, Irish Beltza eta Irish Gorria Irlandatik; Abadiakoak, Dubble, Tripel, Belgian strong blond. Pale Ale Gorria edota Witbier txuria Flandria eta Waloniatik. Orokorrean, atzerritik hamasei bavariarrak eta beste lau germaniarrak, bost flandriarrak, hiru waloniarrak, hiru irlandarrak, bi txekiarrak eta japoniar bat izango dira.
Aldiz, Euskal Herriko garagardoen artean, antolakuntzak aurreratu du, hiru garagardo Etxeratentzat bereziki prestatukoak direla, haien artean, eskaintzan izango den IPA bakarra, Sterke Bier bat eta beste Pilsner hori bat.
Edizio honetarako berritasunen artean nabarmentzekoak dira Bockbier eta Doppelbock garagardo ilunak, Anberesko Pale Ale Gorria, Irish Ale edo Oktoberfestbier. Horiez gain, aipamen berezia ere, garizti garagardoen eskaintza zabala izango dela. Graduazio ertaineko sei garizti garagardo izango dira, eta beste hiru goi graduaziokoak.
Jatekoa ere ugari
Edatekoari laguntzeko, jatekoa ere ez da faltako. Sukaldea, ostegunetik igande goizaldera arte egongo da. Ukondoa, Bratwurst eta Frankfurt saltxitxak, hanburgesa, eta solomo ogitartekoak.
Dudarik gabe, garagardoa gustuko duten goierritarrek, bihartik larunbatera, Beasaingo Plazazpian dute hitzordua. Hiru egun horietan, 2.700 garagardo litrotik gora zain izango dituzte eta, horrekin batera, 500 txerri-ukondotik gora, ehunka Bratwurst eta Frankfurt saltxitxa, ehunka patata errazio eta hanburgesa eta 400 solomo ogitarteko.
Elkartasun zozketa
Bestalde, euskal preso politikoen kopurua eta egoera jakinarazteko asmoz, 11 preso 111 topa lelopean, elkartasunezko zozketa ere egingo da. Garagardo azokaren egunetan eskuratu ahal izango dira, 2 euroren truke. Zozketa larunbat gauerdian egingo dute. Irabazleak 111 garagardoz osatutako saria jasoko du.














