Maizpideko ikasturte berrirako izen ematea irekita dago
Diru laguntzak izango dituzte A1 eta A2 mailetan izena eman dutenek eta C1 mailan arituko diren 16-18 urte bitarteko gazteek.
Lazkaoko Maizpide eraikina, artxiboko irudian. Aimar Maiz Lazkaoko Maizpide Euskaltegi-Barnetegiak jada martxan jarri du 2025-2026 ikasturterako izen-emate epea, eta ohi bezala, euskaraz ikasi edo hizkuntza maila hobetu nahi duten guztientzat ateak zabalik ditu. Euskararen ikaskuntzan urrats berriak eman nahi dituztenei aukera zabala eskaintzen die Maizpidek: barnetegiko ikastaro trinkoak, asteburuko saioak zein autoikaskuntza bidezko prestakuntza.
Modalitate desberdinetako ikastaro guztiak maila guztietarako egokituak daude —hasiberrientzat (A1) zein maila aurreratuenetaraino (C2)— eta ordutegi zein behar ezberdinei egokitzen zaizkie: klaseekin eta pentsio osoarekin edo erdi pentsioarekin.
Eta ez hori bakarrik. Euskal kulturaren eta aisialdiaren inguruko jarduerak ere ugariak dira Maizpiden; ikastaroak euskal kulturarekin uztartzen dituzte: kantu tailerrak, euskal dantzak, mintzalagun topaketak, tertuliak eta bestelako ekimenak antolatzen dira ikasleen eguneroko bizitza aberasteko.
Diru-laguntzak
Euskara ikasteko pizgarriak ere eskaini nahi izan ditu kurtso berrirako, euskara eskuragarriagoa izan dadin gazte zein helduentzat. Horregatik, A1 eta A2 mailetan izena ematen duten guztiek diru-laguntza bereziak izango dituzte eskura, eta C1 mailan ari diren 16-18 urte bitarteko gazteentzako ere prestatu du laguntza ekonomiko berezia.
Matrikula, webgunean
Interesdunek matrikula eta sarrera-proba Maizpideren webgunean (LOTURA) bertan egin ditzakete, eta matrikulazioaren ordainketa ikastaroa hasterako egin beharko dute kontu korronte hauetako batean, kontzeptuan izen-abizenak jarrita: Kutxabank ES74 2095 5049 69 1062933758 edo Laboral Kutxa ES78 3035 0088 58 0880026213. Horrez gain, nortasun agiriaren (NAN) edo pasaportearen kopia eta norbere argazki pertsonala ere bidali beharko dira.
Ikasturtea hasterako baja emanez gero, dirua itzuli egingo da; baina, behin ikastaroa hasita, ez da itzuliko.












