Sanmigelak ospatzeko festa giro betean murgilduta dago Lazkao
Irailaren 6an hasi ziren ekitaldiak, eta San Migel egunera arte iraungo dute. Egun handiko herri afarirako txartelak hilaren 22an banatuko dira, udaletxean.
Lazkaotarrek irailaren 29an San Migel eguna ospatzeaz gain, iraileko ekitaldi agenda bete-betea izango dute; usadio bihurtu dute San Migel ingurua berotzeko ekitaldi eta jardueraz beteriko festa aurreak ospatzea. Herriko kultur eragileen artean elkarlanean antolaturiko festak dira.
Dagoeneko egin dituzte ohiko ekintza nagusietako bi: motozaleen festarekin hasi zen hilabete osoko festa Lazkaon, irailaren 6an. Moto bilkura, otordua, musika eta erakustaldia egin zituzten, Unai Dominguez zenaren omenez. Laugarren omenaldia izan zen hura. Joan den asteburuko garagardozaleen topaketak, berriz, jarraipena eman dio; plazako frontoia topaleku bihurtuta, artisau garagardo eta bestelako jan eta edari eskaintza zabala ipini zuten, hiru iluntze-gautan dastatzeko.
Asteburua, kulturaz blai
Orain artekoa festa hutsa izan bada ere, hemendik aurrerakoa ez da gutxiagorako izango. Asteburu honetan ez da girorik faltako: erraldoi eta buruhandien topaleku bihurtuko da Lazkao larunbat goizean eta zezensuzkoa aterako dute Lazkaoko konpartsek iluntzean; igandean, berriz, 1946an hasitako ohiturari segiz, Esparru mendiaren tontorrera urteroko bisita herrikoia egingo dute. Irailaren 21ean eta 24an ere izango dira bestelako ekintzak: Luis Lizarragaren liburuaren aurkezpena jauregian eta Suthai batukada taldearen ikuskizuna, hurrenez hurren.
Azkenerako, San Migel
Iraileko azken astebururako ere indarrak gorde beharko dituzte lazkaotarrek. Hilaren 27an eskolaumeen duatloia ez ezik, sagardo dastaketa ere izango da, eta txaranga zein herriko talogileak ere ez dira faltako. Hilaren 28an, berriz, Basherri Eguna izango da goizean eta arratsaldean ez da musikarik faltako, mariatxien eskutik. Hilabetea borobiltzeko, patroiaren egun handia. San Migel pelota txapelketarekin hasiko dute eguna eta haur eta gazteen parkea zabalik egongo da egun osoan zehar. Meza nagusiaren ondoren, jubilatuen bazkaria egingo dute, eta arratsalderako, Sukar erromeri taldeak alaituko du plaza. Afari herrikoia egingo dute gero, eta erromeri taldearen bigarren emanaldiarekin itxiko dute eguna.
Afarirako txartelak salgai
San Migel eguneko herri afarirako tokia erreserbatzeko txartelak irailaren 22an, datorren astelehenean banatuko dituzte udaletxean.
Lazkaoko Udalak eta herriko kultur eragileek bertako bizilagunak ekintzetara bertaratzera animatu dituzte, denen artean ohiko harrera egin diezaioten San Migeli.













