CAFek 450 milioi eurotik gorako kontratua sinatu du Kairon
Kairoko metroko lehenengo eta bigarren lineetako unitateak modernizatu eta mantenduko ditu hurrengo hamarkadan.
CAFek eta Kairoko metroak akordioa sinatu zuten unea.CAF CAF enpresak beste urrats bat egin du Egipton duen presentzia indartzeko. Kairoko metroko lehenengo eta bigarren lineetako tren-unitateen modernizazioa eta mantentze-lanak egiteko hiru akordio sinatu ditu NAT – Tunelek Agintaritza Nazionalarekin. Operazioaren balioa 450 milioi eurotik gorakoa da, eta horrek sendotu egiten du enpresaren harreman estrategikoa Egiptoko Garraio Ministerioarekin.
Kontratuak ondorengo lanak biltzen ditu: Bigarren lineako 39 unitateen modernizazio integrala, horien bizitza erabilgarria 20 urtez luzatzeko. Horretarako, trakzio eta kontrol sistemak berrituko dira, balaztak hobetu, CCTV eta Wi-Fi instalatuko dira, eta barne zein kanpoaldeak berrituko dira; 39 unitate horien mantentze-lan osoak 10 urtez, modernizazio prozesuan dauden bitartean; eta lehenengo lineako 23 unitateen mantentze-lan osoak 10 urtez, 2021ean sinatutako modernizazio prozesua amaitutakoan.
Gainera, Shubrako tailerra modernizatuko dute, eta lan guztiak bertan egingo dira.
Proiektua Espainiako Gobernuak kudeatutako FIEM funts publikoen bidez finantzatuko da, Espainiako enpresen nazioartekotzea eta teknologia-proiekzioa sustatzeko helburuarekin. CAFek, horrela, trenbideen modernizazio eta mantentze lanetan soluzio integralak eskaintzeko gaitasuna berresten du, eta Kairo bezalako hiri handietan mugikortasun jasangarriagoa garatzen laguntzen du.
Egipto garraio-azpiegiturak handitzeko eta hobetzeko plan anbiziotsuan murgilduta dago, eta merkatu horrek negozio-aukera ugari eskaintzen dizkie nazioarteko enpresei. CAFek berriro erakutsi du Afrikako merkatu estrategiko horretan hazteko eta lider izaten jarraitzeko konpromisoa.












