Euskara eta euskal kulturari jo eta ke
Irailaren 27an ospatuko da laugarren aldiz Jotake Lazkaun eguna. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko, Malantzan eta Herrikon. Herri kiroletan parte hartzeko izena ere eman daiteke.
Iazko JTK eguneko herri kiroletako partaideetako batzuk. Laida Goiburu Jotake Lazkaun elkarteak irailaren 27rako hitzordua egin du beste urte batez, kale giroa piztea, euskarari eta euskal kulturari bultzada ematea eta munduan gertatzen ari diren injustiziak salatzeko helburuarekin. Elkarteko kide Jon Aizpuruak azaldu duenez, urte luzez herrian «ekintza ugari» antolatu izan dira, baina «talde txikien ekimenak» izan dira gehienetan. «Batzuk besteei lagunduz elkarlanean hasi eta erabaki zen talde txiki horiek guztiak barne hartuko zituen elkarte orokorrago bat sortzea», adierazi du. Horrela sortu zen Jotake Lazkaun, eta gaur egun herriko hainbat eragile eta talde biltzen ditu: mus-muskorrak, talogileak, joaldunak, serigrafia taldea, herri bazkari-afarietan laguntzen duen taldea eta alboka ikastaroak eskaintzen dituen taldea, besteak beste.
Laugarrena segidan
Aurten laugarren urtez ospatuko den eguna da. Eguerditik aurrerako ekitaldiak izango ditu eta, besteak beste, tradizioa eta musika uztartuko dituen jardunaldia izango da. Herri kirol erakustaldi batekin abiatuko da eguna 12:00etan: txingak eramatea, koskolak biltzea, giza proba, toka eta trontza izango dira ikuskizunaren osagaiak. Seina laguneko taldetan banatuta, lehiakortasunik gabeko saioa izango da. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago 620 594 616 telefono zenbakian.
Ondoren, herri bazkaria egingo dute plazako frontoian. Malantzan eta Herriko Tabernan eman daiteke izena. Langileek 20 euro ordainduko dituzte eta ikasleek 15 euro. Gainera, aurreko urteetako JTK kamisetarekin joateko deia egin dute; momentuan bertan erosteko aukera ere egongo da, 5 euroan.
Goizean ekitaldi sorta andana izanda ere, arratsaldea ez da gutxiagorako izango: sagardo dastaketaren inguruan Lazkaon sortu ohi den giroa zabaldu eta suspertu nahian, egitarau honetan ere lekua egin diote eta taloz zein sagardoz lagundutako arratsaldea izango dute, 19:00etan hasita. Herri festa-giroaren txanda izango da ondoren eta ez dira Lazkaon ohikoak izaten diren osagaiak faltako: trikitixa, dultzaineroak, joaldunak eta bestelako musika.
Kutsu politikoa
Egunari, baina, kutsu politikoa ere emango diote; zapi palestinarrarekin joateko deia egin dute, Israel Palestinan aurrera eramaten ari den genozidioa salatzeko. Izan ere, Aizpuruak dio euskal kultura eta euskarari ikusgarritasuna emateaz gain, inguruan ditugun injustiziak ere gizarteratu nahi dituztela: «Euskararen zein preso politikoen egoera salatzen dugun bezala, beharrezkoa da Palestinako genozidioari ikusgarritasuna ematea». Gainera, gudari eguna ere izango denez, «egun borobila» izango dela jakinarazi du Aizpuruak.
Parte hartzearen beharra
Horregatik, lazkaotarrak bertaratzera gonbidatzeko, ekintzetan animatzeko eta antolaketan parte hartzeko deia egin du Aizpuruak: «Ekintzetan herritarren parte hartzea lortu nahi dugu; lau pertsonekin birekin baina errazago antolatzen da, eta zortzirekin are eta hobeto».












