Garai bateko haurren jolasak Txarapeko juntadizoaren sorburu
Laugarrenez elkartuko dira larunbatean, Txarapeko auzotarrak. Auzo bazkarian 110 pertsona bilduko dira, jai giroan.
Txarapeko auzotarren juntadizoan ateratako 'familia' argazkia, iaz, Zegaman. Unai Arakama Zegamako Txarape auzoan juntadizoa egingo dute bertako bizilagunek; gaur egun bertan bizi direnek eta baita, garai batean bizitokia bertan izan zutenek ere.
Orain 4 urte sortu zen auzoko juntadizoa egiteko ideia. Gaur egun 30-45 urte dituzten hainbat auzotar elkartu ziren eta garai batean auzoan egiten zituzten jolasak oroitu zituzten. “Txarape auzoko plazak egitura berezi du eta hartara egokitutako jolasak egiten genituen”, gogoratu du Unai Arakama auzotarrak. Jolas bereziak ziren, bertako haurrek asmatutakoak eta belaunaldiz belaunaldi mantendutakoak: “bate, bote-bote, atzera ez egitearen jolasa, lapur-jolasa…” aipatu ditu batzuk.
Borobil erdiaren itxura dauka Txarapeko plazak, “futbolean jolasten genuen borobil erdiko kantxa batean jolasten genuen, erdian iturri bat dauka eta zuhaitzak eta farolek irudikatzen zituzten puntuak izaten ziren gure jolasen erreferentziak baseak egiteko, baloiak non botea eman behar zuen erabakitzeko…”. Jolasak belaunaldi berriei erakusteko aitzakian antolatu zuten juntadizoa, baita auzotarrak elkartu eta egun bat jai giroan pasatzeko ere. Gaur egun, egitarauan jolasek bere lekua mantentzen duten arren, indarra galduz joan direla dio Arakamak, “jende asko elkartzen gara eta ez dago jolasak egiteko nahikoa lekurik. Dena den, jolasa bat gutxienez egiten dugu, gaur egungo haurrei guk nola jolasten genuen erakusteko”.
Auzotarrentzat egina
Izaera bereziko festa eguna da Txarapekoa, auzotarrek auzotarrentzat egiten dutena. Ostiralean auzolanean egingo dituzte apainketa eta muntaketa lanak eta igandean ere, auzolanean egingo dute garbiketa. Festa bat baino gehiago, modu lasaiago batean auzotarrak guztiek disfrutatzeko jai egun bat da juntadizoa, “belaunaldi ezberdinak festa beraz gozatu ahal izatea da helburua, haurrak ere festaren parte izan daitezela”.
Bazkarian 110 pertsona elkartuko dira. Bazkalondoren ohiko balkoi apainketaren sari banaketa egingo dute, “bakoitzak nahi bezala atontzen ditu etxeko balkoiak, ez dago irizpide jakinik”. Antolaketa taldean 12 bat pertsona aritzen dira lanean, baina lanak egiteko 30 bat elkartzen direla azpimarratu du Arakamak.















