Pandero ikastaroetan izena emateko epea zabalik da Toberan
Mutiloa, Segura, Zegama edo Zeraingo 16 urtetik gorako gazte zein helduei zuzenduta daude.
Tobera musika eta dantza eskolako trikitilari eta pandero joleen erakustaldi bat Zegaman. Tobera musika eskola. Tobera musika eskolak pandero ikastaro laburrak antolatu ditu ikasturte honetarako. Bi izango dira, aurrenekoa inoiz pandero jo ez eta zerotik ikasi nahi duten horiei zuzenduta; eta bigarrena, inoiz panderoa jo eta ezagutzak freskatu edo sakondu nahi diuzten horientzat.
Panderoa zerotik ikasi nahi duten horientzako ikastaroa urriaren 8an hasiko da. Azaroaren 12ra arte asteazkenero izango dira klaseak 19:00etatik 20:00etara. Eskolak Mutiloan, Seguran, Zegaman edo Zerainen emango dira, izen eman duten ikasleen lehentasunen arabera. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 28ra bitartean. Matrikulatutako ikasleekin irailaren 29ko astean jarriko dira harremanetan, argibideak eman eta eskola tokia zehazteko. Ez dago aurretiazko musika ezagutzarik eduki beharrik. Oinarriko erritmoak landuko dituzte oro har: kalejira, fandangoa eta arin-arina.
Panderoa jakin bai, baina ezagutzan sakondu nahi duten horientzako ikastaroa abenduaren 3tik urtarrilaren 21era gauzatuko da. Klaseak asteazkenero izango dira, 19:00etatik 20:00etara. Kasu honetan ere, eskolak Mutiloan, Seguran, Zegaman edo Zerainen emango dira, izen eman duten ikasleen lehentasunen arabera. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 23ra bitartean. Landuko dituzten erritmoen artean Gabon kantak, kalejirak, fandangoak, arin-arinak, rantxerak, tangoa eta adornuak —erredobleak, kontrak…— egongo dira. Matrikulatutako ikasleekin azaroaren 24ko astean jarriko dira harremanetan, argibideak eman eta eskola tokia zehazteko.
Biak ala biak 16 urtetik gorako gazte zein helduei zuzendutako daude. Izena eman edo informazio gehiagorako tobera@tobera.org helbidera idatzi daiteke.












