Udazken Kulturalak Gau Beltzari nortasun propioa emango dio
Gau Beltzarekin erromeria antolatu dute herria girotzeko. Mattin eta Jone erraldoien miniaturak salgai jarriko dituzte. Azaroaren 9ra arte luzatuko da Udazken Kulturala dozenaka ekitaldirekin.
Mariola Pascual zinegotzia, Leire Artola alkatea eta Amai Gomez de Segura kultur teknikaria.Ariane Vierbücher Beasaingo Udalak aurkeztu du Udazken Kulturalaren 2024ko edizioa, irailaren 24tik azaroaren 9ra luzatuko dena. Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultur zinegotzia eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikaria arduratu dira xehetasunak emateaz. Udal ordezkariek azpimarratu dute ekimenak herriko elkarte eta eragileen indarra islatzen duela, eta haien lanari balioa aitortzea duela helburu nagusi. «Elkarteek betidanik izan dute Beasainen bihotzaren funtzioa, eta gure konpromisoa da jarduera horiek babestu eta belaunaldi berriak ere elkartegintzara erakartzea», esan du Artolak.
Gau Beltza eta erraldoiak
Aurten, berrikuntza nagusietako bat Gau Beltzari nortasun propioa emateko ahalegina izango da. Urriaren 31n Bideluze plazan erromeria antolatuko da, Balantza taldearen eskutik.
Udazkenak dakarren beste nobedade bat Beasaingo erraldoien miniaturak izango dira. Herritarren eskaerei erantzunez egin da. Jone eta Mattin erraldoiak beraz, gomazko miniatura formatuan salgai jarriko dira azaroaren 8an egingo den erraldoien topaketan.
Gainera, Igartzan kalabaza tailerra eta antzerki emanaldia eskainiko dira.
Bestalde, Igartzak hartuko du WikiEmakumeok Donk dokumentalaren emanaldia, Marisa Barrena gonbidatu izango duen mahai-inguruarekin batera. Helburua da emakumeen presentzia euskal Wikipedian sustatzea eta ikusgarritasuna ematea.
Ikuskizun ugari
Egitarauak arte eszenikoen eskaintza zabala dakar. Dantzaren arloan, Ilauna Bilaka kolektiboaren lana eta Amama Aukeran taldearena nabarmentzen dira. Musikaren atalean, Olaia Inziarteren kontzertua eta Kamer Youth Choir letoniar abesbatzaren emanaldia izango dira entzungai.
Antzerki zaleentzat ere bada aukerarik: Ste Xeito, Urrup eta Goaz taldeek euren lanak aurkeztuko dituzte; halaber, antzerki familiarra, haur antzerkia eta kale ikuskizunak eskainiko dira, hala nola Garbitzailearena edo Flama Viva.
Ohiko jarduerak ere izango dira: Elkarteen Eguna, Marrazketa urbanoa, Mendi astea, argazki erakusketak, bertso saioak, ipuin kontaketa, Zientziaroa, margo lehiaketak eta herriko elkarteek antolatutako hainbat ekitaldi.
Argazki lehiaketa
Udalak bereziki nabarmendu du 2026ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da, eta aurten gaia Urtaroak Beasainen da. Horrela, herritarrek urte-sasoi desberdinak udalerriko paisaia eta bizimoduan nola islatzen diren erakutsi beharko dute.
Gainera, dagoeneko iragarri da 2027ko edizioaren gaia: Beasaingo baserriak, nekazaritza, abeltzaintza eta azoka izango da. Urriaren 1ean zabalduko da lanak aurkezteko epea. Argazkilariek urte osoa izango dute gaia jorratzeko.
Informazioa eskura
Ekitaldien data, ordutegi eta tokiei buruzko informazio zehatza beasain.eus webgunean, Beasain aplikazioan eta udalaren sare sozialetan kontsulta daiteke. Egutegi osoa PDF formatuan deskargatzeko aukera ere badago. Eskuorria, egunotan etxeko buzoietara bidaliko da. Urriaren 31ra arteko ekitaldiak jasotzen ditu.












