2025-26 epealdiko proiektu estrategikoen berri eman du Goierri Barnetikek
Asteartean Goiekiren egoitzan egindako ekitaldian eman dute urtarriletik egindakoaren berri. Bulego tekniko baten definizioa eta rolen esleipenaren berri eman dute. 2025-26rako proiektu estrategikoak eta aurrekontu-plangintza iragarri dituzte.
Gobernantza sarearen Erabakigune zabaleko hainbat kide, asteartean egindako saioan. Goierri Barnetik Lau urteko ibilbidearen emaitza izan da Goierri Barnetik proiektua. 2020ko irailean abiatu zen prozesua eta lehen urratsa eskualdeko udal eragileak, enpresak eta eragile komunitarioak «entzutea» izan zen, eskualdean egon zitezkeen kezka eta erronkak identifikatzeko asmoz. Ondoren, lan-mahaiak egin ziren, diagnostiko partekatu bat osatu eta lehentasunak zehazteko.
Horren emaitza da, era berean, urtarrilean sortutako elkarlan-sarea: Goierri beheko eragile publiko, pribatu, komunitario eta herritarrek indarrak batu zituzten Goierri Barnetik gobernantza-sarea eratzeko. Guztira, 34 eragilek egin zuten bat eskualdearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta gobernantza-sistema berria egituratzeko.
Ordutik, sareak «etengabe» lan egin du gobernantza partekatuaren, parte-hartze aktiboaren, gardentasunaren eta erantzunkidetasunaren printzipioetan oinarrituta. Goierriko Hitza egunkaria ere sareko kide da.
Elkarlanean urtarriletik
Asteartean, irailaren 16an, gobernantza-sarea osatzen duten eragileen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta bederatzi hilabetera, ekitaldi bat egin dute Goiekiren Ordiziako egoitzan. Bertan aurkeztu dute hilabete hauetan zehar egindako lana: bulego tekniko baten definizioa, rolen esleipena, proiektu estrategikoen identifikazioa eta 2025-2026 eperako aurrekontu-plangintza. Gobernantza-sareak hedabideetara bidalitako oharrean jakinarazi duenez, eragileen arteko bulego teknikoa sortzea «funtsezkoa» izan da prozesua artikulatzeko eta ahaleginak koordinatzeko.
Horri esker, baliabideak lurraldearen erronkei erantzuten dieten proiektuetara bideratzeko aukera izan dutela gaineratu du.
Eragileen arteko bulego teknikoa sortzea «funtsezkoa» izan da ahaleginak koordinatzeko
Bulegoaren osaketa
Ekitaldian, datozen bi urteetan sarearen agenda markatuko duten proiektuak aurkezteaz gain, hartutako beste zenbait erabaki ere iragarri dituzte, tartean sarearen motor-eragilea osatuko duten eragileen zerrenda ofiziala. Bulego teknikoaren lidergo-ardura Goiekik izango du, eta honela banatu dira gainontzeko rolak: koordinazio orokorra Goiekik eramango du; landa garapenean erreferentea Goimen izango da; energia arloan Goienerrek jardungo du; Biziolak komunitatea aktibatzeko eta eraldatzeko ardura hartuko du; Caritasek errealitate ezberdinen ahotsa islatu eta zubi-lanak egingo ditu; eta azkenik, Goierriko Hitza eta Goierriko Irrati Telebistak eraldaketarako narratiba berriak sortuko dituzte.
Gobernantza sarearen arabera, egitura horrek «kudeaketa arina eta eraginkorra» ahalbidetuko du eta sarearen «helburu komunekin» bat egingo du. Halaber, bulego teknikoak «irekia» izaten jarraitzen duela berretsi dute, eta beraz, parte hartu nahi duen edonork eskaera luzatu ahal izango duela, erabakigune zentralak onartu behar duen baldintzapean.
Adostutako aurrekontuak
2025-2026 epealdian energian, landa garapenean eta zaintzan zentraturiko proiektu estrategikoak garatzea izango da asmo nagusia. Horretarako, 479.523,50 euroko aurrekontua izango dutela zehaztu dute; aurrekontu hori proiektuak gauzatzeko ez ezik, bulego teknikoaren funtzionamendurako eta jarraipen- eta ebaluazio-ekintzetarako ere erabiliko dira. Era berean, funtsak «modu partekatuan» kudeatzea adostu dute, hainbat erakunderen ekarpenekin eta horien erabilera eraginkorra eta gardena bermatzeko kontrol-mekanismoekin.
Horrez gain, lurralde gobernantza «inklusiboago, eraginkorrago eta emaitzetara bideratuago» baten aldeko eragileen konpromisoa berretsi dute astearteko ekitaldian.
2025-2026 Proiektu estrategikoak
Energia
1. Eskualdeko energia diagnostikoa eta plana gauzatzea.
2. Eskualdeko komunitate energetikoen hausnarketa mahaia dinamizatzea.
3. Mugikortasun jasangarria enpresetan lantzen jarraitzea.
4. Goierriko energia bulegoaren kudeaketa.
Landa garapena
1. Herri sare berritzaileak
2. Elikadura mahaia
3. Baserritik jantokira
4. Goizane eraldaketa gunearen aktibazioa
Zaintza
Aktibatzear. 2025-2026 epealdian martxan jarriko da, gainontzeko erronketako metodologia bera aplikatuta.
Komunikazioa
1. Barne komunikazioa landuko da erronkei erantzuteko sarea egin eta egonkortzeko.
2. Kanpo komunikazioaren bitartez eraldaketarako narratiba berriak sortzea aurreikusten da.













