Amnistia Internazionalak eta EHUk jomugan jarri dute CAF
Amnistia Internazionala erakundeak CAF enpresari eskatu dio Israelen egiten ari den tren arinaren proiektua eten dezala. EHUk, guztira, 247 milioi euroko proiektu akademikoetatik uko egin du; tartean CAF enpresa dago.
Palestinako bandera Beasaingo CAF lantegiaren atarian, protesta gisa.Tere Madinabeitia Amnistia Internazionala erakundeak CAF enpresari eskatu dio Israelen egiten ari den tren arinaren proiektua eteteko eta beste edozein kontratazio publikotik ateratzeko. Erakunde horren arabera, CAFek onura ekonomiko handia lortzen du proiektu horietatik, eta trenbidearen eta geltokien sareak Palestinako biztanleriaren segregazioa indartzen dute, israeldar asentamenduak sendotzen dituztelako eta Jerusalem ekialdea okupatzen laguntzen dutelako.
CAF 2019an sartu zen proiektuan, Shapir enpresarekin batera, 27 kilometroko trenbidea eta 50 geltoki berri eraikitzeko, Jerusalem Ekialdeko asentamendu ilegalekin loturak egiteko. Amnistia Internazionala erakundeak informatu duenez, urte honen hasierara arte, Jerusalem Neve Yaakov koloniarekin lotzen duen Linea Gorria handitzeko lanetan jardun du, CAFek, eta gaur egun, Linea Berdearen eraikuntzan parte hartzen ari da, Giloko asentamendua, 30.000 egoiliarrekin, Hebrear Unibertsitatearekin lotzeko. Anmistia Internazionalaren arabera, “Israelgo legez kanpoko asentamenduak integratzen ditu, jasangarritasun ekonomikoa errazten du eta Jerusalem ekialdearen anexioa sendotzen du, nazioarteko zuzenbidearen aurka”.
Gobernuz kanpoko erakunde honek gogorarazi du, 2019. urtetik, behin eta berriz eskatu diela CAFeko akziodunei, Eusko Jaurlaritzari eta Kutxabank-i, besteak beste, konpainiari eska diezaiotela giza eskubideen arloan dituen erantzukizunak betetzeko eta proiektua erretiratzeko. Gainera, enpresari merkataritza-azokatan edo kontratu publikoetan parte hartzeko betoa jartzea eskatu du, “Israelen apartheidan eta Palestinako lurraldearen legez kanpoko okupazioa” laguntzen ez duela frogatzen ez duen bitartean.
EHUk harremanak eten ditu
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Israelgo erakundeekin dituzten loturak mozteko erabakia hartu du, eta ez du CAF enpresaren ikastaro berririk martxan jarriko. Guztira, 247 milioi euroko proiektu akademikoetatik uko egin du. Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi du “Palestinaren kontrako genozidioa lehentasunezko gai bat” dela unibertsitatean, eta “etorkizuneko hitzarmenetan giza eskubideen klausulak sartuko” direla eta “armagintzarekin loturak baztertuko” direla. Era berean, aitortu du, CAF historikoki izan dela bazkide estrategikoa ikerketa, transferentzia teknologiko eta prestakuntza dualeko proiektuetan, baina testuinguru honetan ez zela egokia proposamena aurrera eramatea. 2024ko udaren aurretik hartu zen erabakia, eta bere horretan jarraitzen du.
Era berean, EHU Palestinako ikertzaileekin elkarlana bultzatzea ere aurreikusten du, beka-deialdiak eta nazioarteko lankidetza barne, ikertzaileak unibertsitatera ekartzeko.
Bi ekintzek nazioarteko presioa eta erabaki estrategikoak islatzen dituzte, eta erakusten dute enpresek eta unibertsitateek giza eskubideen urraketen aurrean erantzun aktiboa eman dezaketela.













