Etxebizitza beharraren azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu udalak batzar ireki batean
IKEI aholkularitzarekin batera egindako azterketan 369 herritarren iritziak jaso dituzte. Txostenean jasotako datuak eta aurrera begirako pausoak azalduko dituzte, asteartean, 18:00etan, udaletxean egingo den batzar irekian.
Idiazabalgo Udalak eta IKEI aholkularitzak etxebizitzaren inguruan herritarrek duten iritzia eta beharrak ezagutzeko egindako inkesta egin zuten 2025eko apirilean. Guztira 369 herritarrek parte hartu dute, telefonoz nahiz online egindako galdeketan.
Bilketa honen helburua, idiazabaldarren etxebizitza-beharrak kuantifikatu eta kualifikatzea izan da, etxebizitzaren alorrean, aurrera begira hartu beharreko bidea zehazte aldera. Hala, etxebizitza erosteko beharrak ez ezik, etxebizitzaz aldatzeko edo egungo etxebizitzak birgaitzeko beharra ere aztertu du inkestak.
Izan ere, datozen urteetarako etxebizitza-eskaintza egokia planifikatzea elementu garrantzitsua izango da dinamika demografiko positiboa ziurtatzeko, eta batez ere, gazteak herrian bertan mantentzeko, inguruko beste herri batzuetara joan beharrik izan gabe.
Etxebizitzaren gaiak herritarren artean sortzen duen kezka eta interesa ikusita, herriko Etxebizitza Premiei Buruzko Azterketa martxan jartzea erabaki zuen udalak, duela hilabete batzuk. Aurreneko pausoa, IKEI aholkularitza etxearekin elkarlanean, herritarren artean inkesta hori egitea izan da. Hortik jasotako emaitzak txosten batean jaso dira, eta hauek herritarren aurrean aurkeztuko dira orain, batzar irekian. Saioa datorren asteartean, hilak 23 izango da, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Bertan, IKEI etxeko ikertzaileek datu eta azalpen gehiago emango dituzte, eta aurrera begira herri mailan eman nahi diren pausoak ere azalduko dira.













