Mugi txartelarekin bizikleta prest jartzeko aukera izango da Goierrin
Bizikleten konponketa tailerra, zozketak eta Mugi txartelaren inguruko laguntza eskainiko dira irailaren 24an, Beasainen eta Ordizian.
Leire Artola Beasaingo alkatea eta Adur Ezenarro Ordiziako alkatea, Azahara Domingez foru diputatuarekin.Gipuzkoako Foru Aldundia Beasain eta Ordizia izango dira Jarri zure bizikleta prest Mugirekin ekintzaren hurrengo geltokiak, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatuta. Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez, ekimena asteazkenean, irailak 24, egingo da eskualdean, herritarren artean garraiobide jasangarri eta osasungarriak sustatzeko helburuarekin.
Azahara Domingez foru diputatua ekimenaren inguruan azaldu duenez, “Gipuzkoak ingurumena errespetatzen duen lurraldea izaten jarraitzea nahi dugu, bizigarriagoa eta Europako bizi-itxaropen handienetakoa duena. Hori dela eta, herritarren artean garraio jasangarriak eta osasungarriak sustatzen jarraituko dugu, hala nola garraio publikoa eta bizikleta. eguneroko keinu txikiekin Gipuzkoarentzat nahi dugun etorkizuna eraikitzen lagundu dezakegu”.
Beasaingo Erauskin plazan, tailerrak 10:30etik 14:00etara egongo dira martxan, eta Ordiziako Plaza Nagusian 16:00etatik 20:00etara. Bertan, bizikletak oinarrizko konponketa zerbitzua jasotzeko aukera izango dute Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten dutenek. Halaber, parte hartzaileek bi bizikletaren zozketa eta Mugi txarteletan 20 euroko balioa duten 60 birkarga irabazteko aukera izango dute.
Alkateen babesa
Leire Artola Beasaingo alkatea pozik agertu da agertu da ekimenarekin: “Beasainen aspalditik ari gara mugikortasun jasangarria lehenesten, herri barruko desplazamenduak oinez edo bizikletaz sustatuz. Garraio publikoaren erabilera Mugi txartelaren bidez sustatzea gure helburuekin lerrokatzen da, eta ekimen honek bultzada garrantzitsua emango die gure asmoei”.
Ordiziako alkate Adur Ezenarrok ere babestu du ekimena: “Mugikortasun jasangarria ardatz garrantzitsua da guretzat, eta herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko egin ditugun inbertsioak ezagututa, ekimen hau ongi etorria da. Norberak eredu izan behar du, eta neu egunerokotasunean bizikletan mugitzen naiz”.
Mugi txartelaren abantailak
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin lankidetan, tailerrean Mugi txartela eskatu nahi duten guztiei laguntza emango zaie. Azahara Domingezek gogoratu duenez, txartelak doako transbordoak, deskontuak eta hobarien aukera eskaintzen ditu, 12 urtetik beherakoen edo mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileen doakotasunaz gain.
ekimen honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren artean garraio jasangarri eta osasungarriak sustatzea, ingurumenarekiko errespetua bultzatzea eta Mugi sistemaren erabilera zabaltzea helburu ditu, herritarren mugikortasuna errazteko eta bizi-ohitura osasungarriak zabaltzeko.













