Oinezko Metroa abiatu du Beasaingo Udalak, mugikortasun jasangarriago baten alde
Herriko puntu nagusien arteko oinezko denborak metro-plano baten moduan jasota daude Barrendain plazan.
Metro-planoa Barrendain plazan.Beasaingo Udala Europako Mugikortasun Astearen harira, Beasaingo Udalak herrian mugikortasun aktiboa eta osasungarria sustatzeko ekimen berri bat aurkeztu du, Oinezko Metroa izena duena. Herriko leku esanguratsuen artean oinez zenbat denbora behar den adierazten duen mapa handi bat jarri da Barrendain plazan, tren geltokiaren aurrean.
Mapa berrian ageri dira Igartzako jauregia, Loinazko San Martinen basilika, Sagastiguti parkea, kultur etxea, udaletxea, Murumendi eskola, Alkartasuna Lizeoa, La Salle ikastetxea eta Txindoki institutua. Leku horien artean oinez egin beharreko denborak kalkulatu dira bi abiaduratan: 3,5 kilometro orduko (adinekoen bataz bestekoa); eta 5 kilometro orduko (helduena).

Egitasmoaren helburu nagusia da herritarrak animatzea joan-etorriak oinez egitera. Udalak nabarmendu du, ekimen honek, “osasun fisiko eta mentala indartzen lagunduko” duela, aldi berean, “ingurumena babestuz eta bizi-kalitatea hobetuz”. Askotan, toki bat urrun dagoela iruditu arren, uste baino hurbilago dagoela erakustea da ekimen honekin lortu nahi dutena, denboraren bidezko informazio zehatzarekin.
Herritarren parte hartzearekin sortua
Proiektua kosorkuntza tailer baten bidez garatu da Igartzako jauregian. Bederatzi eta hamasei urte bitarteko ikasleek eta hirugarren adineko herritarrek parte hartu zuten bertan, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko adituen laguntzaz. Belaunaldi ezberdinen iritziekin identifikatu zituzten udalerriko toki esanguratsuak eta horien arteko metro lerroen antzeko ibilbideak marraztu zituzten.

Parte-hartze saioa, Igartzako jauregian.Beasaingo Udala
Oinezko Metroaren ideia Pontevedran 2011n sortutako Metrominuto proiektuan du jatorria. Ordutik hiri askotan zabaldu da, eta Beasaingo Udalak bere errealitatera egokitu du, mugikortasun iraunkorraren aldeko estrategiaren barruan.
Sarean ere eskuragarri
Mapa Barrendain plazan dago ikusgai, baina baita udalaren webgunean ere, Mugikortasuna atalean. Modu horretan, Udalak herritarrak animatu nahi ditu tresna hau erabiltzera eta eguneroko mugikortasun ohituretan “pauso txiki baina eraginkorrak ematera”.













