Txirrindularitza probak jokatuko dira Ataunen eta Beasainen
Ataunen afizionatuak arituko dira, eta gazte mailakoak Beasainen. Errepide denboraldiko azken lasterketak izango dira.
Gari Ugarte txirrindulari legazpiarrak irabazi zuen iaz Ataungo San Martin proba.Hitza Larunbatean eta igandean txirrindulariek Goierriko errepideak hartuko dituzte: larunbatean gazte mailako Beasain proba jokatuko da eta igandean 23 urte azpikoen eta Elite mailakoen Ataungo San Martin proba. Azken hau Lehendakari txapelketako azkena izango da eta baita Gipuzkoako txapelketa ere.
San Martin probako txirrindulariak igandeko 09:15ean abiatuko dira, Ataungo izen bereko auzotik. 122 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Ataundik Alegiara joango dira eta ondoren Altzora igoko dira (errotatik). Ataunera itzuliko dira eta Kaxetatik Urkillagara igoko dira. Ondoren, Altzora joango dira berriro. Bukatzeko, Ataunera itzuliko dira. Bidean Lazkaomendi eta Urkillaga igoko dituzte, Zaldibiatik eta Aiatik, hurrenez hurren. Ataungo San Martin auzoko helmugara 12:15 aldera iritsiko dira.
Lehendakari txapelketako azken proba izango da. Gomur Cantabria Infinita taldeko Sergio Gutierrezek garaipena ziurtatua du. Taldekako sailkapena, berriz, borrokatuagoa dago: Caja Rural-Alea taldeak puntu bakarra ateratzen dio Euskadi Fundazioari. Bi taldeen arteko borroka ikustekoa izango da.
Ez dago faboritoez hitz egiterik. «Euskal Herriko talde guztiek parte hartuko dute. Aldapan gora ondo dabilen txirrindulari bat nagusituko da, Urkillaga mendatea helmugatik oso gertu baitago», aipatu du Agauntza elkarteko Santi Osorok.
«Igotzaile bat nagusituko da, Urkillaga helmugatik gertu baitago»
Santi Osoro, Agauntza elkarteko kidea
Ataungo 60. San Martin proba iragarritakoa baino hiru hilabete beranduago jokatuko da. Ekainaren 21erako zegoen jarrita, baina ekainaren 13an Goierrin izandako erauntsiek eta ondorengo kalteek atzerapena eragin zuten. Errepideak hondatuta gelditu ziren, eta atzeratu egin behar izan zuten. «Ekainerako dena prest genuenez, horrek orain lasaiago ibiltzea ekarri du», gehitu du Osorok.
Ataungo proba egutegiko azkena izango da. Osoro pozik ageri da. «Aurreko urteetan trafikokoekin arazoak izan genituen, baina aurten akordioa lortu dugu eta ez dugu arazorik izan».
Gazte mailako proba
Beasaingo Loinatz elkartekoak ere gustura ageri dira. «Dena normal joan da. Ez da ezer txarrik gertatu eta hori da gerta daitekeen onena», aipatu du Xabier Aldanondok.
Beasaindarrek proba asko antolatzen dituzte. Aurten, inoiz baino gehiago. Izan ere, txirrindularitza eskolakoaz, kadete mailakoaz, gazte mailakoaz eta afizionatu mailako biez gain, Itzuliko etapa antolatu dute. «Bata bukatu bezain laster, hurrengoan pentsatzen hasten gara. Eskerrak eman nahi dizkiet elkarteko bazkideei, beraien laguntzagatik».
Azken proba bihar jokatuko den gazte mailako Beasain proba izango da. Txirrindulariak 10:30ean abiatuko dira, Nafarroa hiribidetik. 109,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Beasaindik Alegiara joango dira eta ondoren Beasainera itzuliko dira. Ormaiztegitik Brinkolara joango dira Atagoititik eta toki beretik Beasainera itzuliko dira. Bukatzeko, Olaberriara igoko dira Iurretik, Gabiriara Arrondotik, eta berriro Olaberriara Iurretik. Beasaingo helmugara 13:15 aldera iritsiko dira.
«Eskerrak eman nahi dizkiet elkarteko bazkideei, beraien laguntzagatik»
Xabier Aldanondo, Loinatz elkarteko kidea
Euskal Herriko taldeez gain, Katalunia, Madril eta Andaluziakoek parte hartuko dute. 130-140 txirrindulari izango dira guztira. Munduko Txapelketa aurreko azken proba izaten da, baina aurten Munduko Txapelketara doazenek ez dute parte hartuko. «Aurten, aldaketa batzuk medio, denboraldia luzatu egin da».
Ziklo-kros denboraldia
Bi lasterketa hauek Goierrin errepidean egingo diren azkenak izango dira. Ondoren, ziklo-kros denboraldia hasiko da. Hamasei probak osatuko dute euskal ziklo-kros egutegia. Horietatik hiru Goierrin izango dira.
Lehenengoa Ormaiztegikoa izango da. Urte hasieran bertan behera gelditu zen 53. edizioa azaroaren 9an jokatuko da. Nazioarteko maila izango du, UCI C2 mailako txirrindularien parte hartzearekin.
Goierrin egingo den hurrengo proba abenduaren 14an izango da: lehenengoz, Ataunen ziklo-kros proba jokatuko dute. Segurak ere ziklo-kros proba berreskuratuko du iazko etenaren ondotik: abenduaren 28an jokatuko da. Segurakoak euskal ziklo-kros egutegia itxiko du eta, gainera, Euskadiko Ziklo-Kros txapelketak jokatuko dira bertan.













