Euskal Herriko Torturatuen Sarearen informazio gunea, Beasainen
Goierriko torturatuen artean karpetak banatu eta jasoko ditu Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Irailaren 26an zabalik izango da informazio gunea Beasaingo udaletxean.
Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkeztu zuten otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen, “torturatuak protagonista bilakatu eta milaka eta milaka ahots isilarazi eta ukaturen bozgorailu izateko”.
Torturatuen Sarearen esanetan, “nazio mailako sare hau ehuntzeko Euskal Herri mailako auzolan erraldoi bat egingo genuela adierazi genuen. Ahalik eta torturatu gehienen artean, ahalik eta modu zabalenean, Euskal Herrian torturatutako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”.
Horretarako, “sarea ehuntzeko bitartekoa, gure herriko torturatuengana iristeko tresna, alegia, Kursalean banatutako karpeta izango zela zehaztu genuen”.
Goierriri dagokionean, irailaren 26an, Beasaingo udaletxean, 17:00etatik 19:00etara, informazio gunea zabalik izango dutela jakinarazi dute, “bertako torturatuei karpetak helarazteko, banatutako karpetak jasotzeko, zalantzak argitzeko eta beharrezko laguntza eskaintzeko”.
Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki bat helarazi dute: 693 840 582. “Goierrin tortura pairatu duen pertsona oro Sare honen parte egin nahi dugu eta martxan jarri dugun gunetik pasatzera animatu nahi zaituztegu”.













