Salamancako itzulia irabazita, denboraldia borobildu du Gari Ugartek
Elite eta 23 urtez azpiko mailako Salamancako itzulia irabazi eta sailkapen nagusia bereganatu du. Denboraldiko hirugarren garaipena izan da.
Gari Ugarte, podiumean, Itzulia irabazi berritan. Euskadi Fundazioa Gari Ugarte Larrea (Legazpi, 2005) txirrindulari gazteak garaipen garrantzitsua eskuratu du asteburuan: elite eta 23 urtez azpiko mailako Salamancako itzulia irabazi du. Ostiraletik igandera bitartean jokatutako hiru etapetan maila bikaina erakutsi du eta erregulartasun horrek garaipen nagusira eraman du legazpiarra. Garaipen honekin denboraldia borobildu du.
Ostiraleko irekieran lehia bete-betean ibili zen eta hirugarren amaitu zuen helmugan. Larunbateko etapa nagusian, berriz, bederatzigarren sailkatu zen eta lidergoa eskuratu zuen beste lau txirrindularirekin berdinduta. Igandean, Salamancako hiriko 4,4 kilometroko azken erlojupekoan, indartsu aritu eta etapa irabazi zuen, itzulia poltsikoratuta.
Aurrez Zamorako Itzuliko etapa bat ere irabazia zuen eta orain Salamancan etapa eta sailkapen nagusia bereganatu ditu. Denboraldiko hirugarren garaipena izan da. Udan, berriz, stagiaire izan zen Euskaltel-Euskadirekin lau probatan. Euskal txirrindularitzaren etorkizuneko izenetako bat da Ugarte.













