‘Aterki inklusiboa’ eskulturak badu bere tokia
Ormaiztegiko Berjaldegi plazan kokatu dute gaur goizean. Ostiralean egingo dute aurkezpen ekitaldia, 18:00etatik aurrera.
Itziar De La Granja artista gaur goizean Ormazitegin, 'Aterki inklusiboa'ren muntaketan.Arteria Aterki inklusiboa eskulturaren muntaketa lanak egin dituzte gaur goizean Ormaiztegin. Zegaman bizi den Itziar de la Granja artistaren proiektua da Aterki inklusiboa. 2022An Arteria Goierriko sormen lantegiaren diru laguntza jaso zuen proiektuak. «Harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea da helburua, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko», azaldu zuen lanari buruz De La Granjak.
Zumitzez eta burdinez osatutako 3 metro eta erdiko altuera eta 2 metroko zabalera duen eskultura izan da emaitza, gaur goizen Ormaiztegiko Berjaldegi plazan kokatu dutena. Proiektua ibiltaria izan da eta bi urtetan zehar Ormaiztegin, Urretxun, Seguran, Beasainen eta Ordizian izan da “baztertze egoeran edo zailtasunak dituzten kolektiboekin lanean”. Elkarlanean osatu dituzte aterki erraldoi honen estalkia osatzen duten zumitzezko hirukiak, habiaren teknika erabilita.
Aurkezpen ekitaldia
Ostiralean egingo dute Aterki inklusiboaren aurkezpen ekitaldia, 18:00etan, musika eta irudia uztartuz. Aurkezpen ekitaldian izango da De La Granja, proiektuaren sortzailea, Arteriako Iker Zinkunegik eta Ormaiztegiko alkate Jon Enrikek lagunduta. Ondoren, olerki bat irakurriko da hizkuntza ezberdinetan eta German Urteaga bertsolariak itxiko du ekitaldia.























