Bele Gaztek 15. urteurrenarekin hasiko du ikasturte berria
Erakusketa bat jarriko dute ikusgai larunbatean.
Zegamako nerabeak Bele Gazte gaztelekuan. Zegamako Udala Zegamako Bele Gazte gaztelekuan larunbat honetan emango diote hasiera ikasturte berriari. Aurten, 15 urte beteko dira nerabeei zuzendutako zerbitzua martxan jarri zela eta horregatik, berezia izango da hasiera. Urte guztia hauetan gaztelekutik igarotako talde guztien argazkiekin —hamarna kinta bakoitzeko— erakusketa bat antolatu dute eta gaztelekuko paretetan jarriko dituzte ikusgai. Gainera, orain arte ateratako argazki guztiekin bideo muntai bat ere egin dute eta ikusgai egongo da gaztelekua irekita dagoen ordutegian herritar orori irekita.
2008an jarri zen abian Bele Gazte Zegaman, «gazteria arloa sistematizatzeko behar bat sumatu zen garai hartan Gipuzkoa mailan. Hortik sortu zen Gaztematika programa eta markoa jarri zion gazteria alorrari», kontatu du Ainitze Azurmedik, Zegamako Udaleko gazteria suspertzaileak. Zegaman aurretik bazen gazteak elkartzeko lokal bat, baina 2008an lokal hori behar zen baldintzetan jartzeko lehenengo pausoak eman ziren.
Aisialdi hezitzailea
Helburu nagusia nerabeei aisialdiko zerbitzu bat eskaintzea izan da beti, baina hezitzailea, aldi berean: «Balore batzuk transmititzen dituena, nerabeak herritar gisa prestatuko dituena». Zerbitzuak martxan daramatzan 15 urte hauetan 12 eta 18 urte bitarteko 306 nerabe igaro dira bertatik, «1992an jaiotakoak izan lehendabizikoak». Ikasturte honetan, 130 neraberi emango dio zerbitzua.
Kalitatea azpimarratu du, «nerabeen arteko harremanak lantzen dira, beraiek dira protagonista, inplikazioa eskatzen zaie, proposatzea eskatzen zaie, ikasi egiten dute ekintzen kudeaketan ardurak hartzen, beraiek antolatzen… beraien garapenean, dela emozionala, soziala… hori bermatzen saiatzen gara. Zegaman denak ezagutzen dugu elkar, baina honek laguntzen du kongruentzia bat ematen herritarrekin ere. Aberasgarria dela iruditzen zait, herriaren etorkizunari begira ere bai».
Ikasiz bidea egiten
2010etik gauzak «asko» aldatu direla dio Azurmendik. «Bideak ikasten joan gara. Gero eta nerabe kopuru handiagoa izan dugu, langileak bat izatetik bi izatera pasa gara, eta ekipamendua ere aldatu da. Lokala txikiagoa zen hasieran, baina orain dela bi urtetik berri batean gaude. Pauso handiak eman dira. Ekintzei dagokionean, antzekoak izaten jarraitzen dute, baina lanketa ezberdina da», dio.
Larunbat honetan hasiko dute ikasturtea. Urtero bezala, datozen hiru hilabetetarako ekintzak zehaztu eta adostuko dituzte denen artean. Aurten erakusketa bat ere jarriko dute. «Erakusketa gaztelekuko erabiltzaile ohi batzuen ideia izan da. Xumea da, baina lana suposatu digu. Talde ezberdinak, ekintza ezberdinak ikusteko aukera egongo da; polita izango da. Herritar guztientzako irekita egongo da gaztelekua irekita dagoen ordutegian».













