Goierriko adingabeen odolean konposatu kimikoen presentzia berretsi du EHUren ikerketa batek
Azterketarekin ondorioztatu dute "ez dutela arrisku larririk eragiten osasunerako, baina zaintza indartzeko premiaz" ohartarazi dute.
Ordiziaren eta Beasainen ikuspegia, Altzagarateko gainetik.Gotzon Aranburu EHUk, Biogipuzkoarekin eta Osasun Publikoko Sailarekin lankidetzan egindako ikerketa batean, konposatu kimiko batzuen presentzia atzeman du Goierriko eta Urolako adingabeen odolean. Zehazki, EHUren aldizkariak zabaldutako berrian esan dute “perfluoroalkilatutako eta polifluoroalkilatutako substantziak (ingelesez, PFAS)” atzeman dituztela eskualde horietako adingabeen plasman. Azterketarekin ondorioztatu dute “ez dutela arrisku larririk eragiten osasunerako, baina zaintza indartzeko premiaz” ohartarazi dute.
“Berahalako osasun-arriskurik ez” dute ikusten, baina azterketak “jarraipen handiagoa egitea” gomendatzen du, “esposizioa eta haren ondorioak kontrolatzeko”.
EHUk jakinarazi duenez, konposatu kimiko horiek “oso egonkorrak eta iraunkorrak” dira ingurumenean: “Ura, olioa eta orbanak kanporatzeko dituzten propietateei esker, ohikoa da egunero erabiltzen diren produktuetan aurkitzea, hala nola zartagin itsasgaitzetan, arropa iragazgaitzean, elikagai-ontzietan edo suteen aurkako aparretan. Konposatuon erabilera orokortuak ondorio kaltegarriak ditu; gainera, giza organismoan sar daitezke haurdunaldian, plazentaren bidez, eta pilatzen jarraitu dezakete edoskitzearen, elikaduraren, edateko uraren, aire kutsatuaren edo konposatuok dituzten produktuekiko kontaktuaren bidez”.
315 adingaberen plasma erabili dute analisirako; hemezortzi konposatu detektatu ziren aztertutako 42 konposatuen artean, eta ohikoenean artean %70 eta %97 arteko tasak detektatu ziren.
Etorkizunari begira
Azterketak gibelean eta garapenean izan ditzakeen arriskuak ebaluatu ditu. Egun arriskurik ikusten ez badute ere, etorkizunera begira ari dira lanean, Anne San Roman azterlanaren egilekidearen eta Nestor Etxebarria katedradunaren esanetan: “Aztertutako biztanlerian PFASen kontzentrazio kezkagarriak daudenaren ebidentziarik ez dugu. Hala ere, horrek ez du esan nahi 10 urte barru arriskua txikituko denik. Orain kezkagarria ez dirudiena etorkizunean izan liteke, oraindik ez baitakigu etorkizuneko patologien erantzule izan daitezkeen”.
Arriskua ebaluatzeko gaur egungo metodoek “muga esanguratsuak” dituzte adituen arabera, animalietan egindako ikerketetan oinarritzen direlako batez ere. Arriskua ebaluatzeko metodoak doitzeko eta pertsonengan oinarritutako azterlan gehiago egiteko beharraz ohartarazi dute, datu errealistagoak lortzeko.
Industria siderometalurgikoaren presentzia
INMA ingurumen kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzeko proiektuaren barruko azterlana da, eta haurrek denboran zehar aipatutako konposatu kimikoarekiko duten esposizioa aztertu du 2011 eta 2022 bitartean jasotako odol-laginak analizatuta. Zehazki, Goierrin eta Urolan egin dute analisia, “industria siderometalurgikoaren presentzia handia duten eskualdeetan”.













