Goierriko lau udalerrik hirigintza-plana garatzeko laguntzak jasoko dituzte
Zazpi mila biztanletik beherako hamabi udalerrik eskatu zioten laguntza aldundiari, horien artean Altzagak, Ataunek, Gaintzak eta Mutiloak.
Azahara Dominguez diputatua mahaiaren erdian, laguntzak jasoko dituzte udaletako ordezkariekin elkartuta, Donostian.GFA Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak diru-laguntzak emango dizkie 2025ean zazpi mila biztanletik beherako udalerriei zuzendutako hirigintza-plangintzan aurrera egiteko laguntzak eskatu dituzten hamabi udalerriei, horien artean Altzagari, Atauni, Gaintzari eta Mutiloari.
Azahara Dominguez diputatua herri horietako alkateekin bildu da gaur, eta aurkeztutako eskaera guztiak aintzat hartuko dituztela jakinarazi die. Gainera, Foru Aldundian egin den bilkuran, bere departamentuak “udalerri txikiekin duen konpromisoa” berretsi du. “Udalerri txikienek, eta, beraz, ekonomikoki mugatuenek, beren hiri-plangintzan egin beharreko aldaketei aurre egin ahal izateko aukera ematen du diru-laguntza honek, tokiko erronkei eusteko aukera emanez, hala nola jasangarritasunari, hiri-berroneratzeari edo klima-aldaketari, besteak beste”.
Goierrirako 120.000 euro
Diputatuak azaldu duenez, diru-laguntza lerro honek udalerri horiek beren gain hartu behar duten hirigintza-dokumentua idazteko gastuen zati bat estaltzen lagunduko die. Hona kopuruak jasoko dituzte lau udalerriek: Gaintzak, 28.994,63 euro; Altzagak, 29.108,97 euro; eta Ataunek eta Mutiloan, 30.000na euro.
“Hirigintza etorkizuneko Gipuzkoa diseinatzeko dugun tresna da, eta horretarako funtsezkoa da udal txikienen ondoan egon eta ekonomikoki laguntzea, ez bakarrik datozen erronkei aurre egin diezaieten, baizik eta beren bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen jarraitu ahal izan dezaten, biztanleek herri horietan beren bizitzak gara ditzaten beharrezkoak diren zerbitzuak eta azpiegiturak emanez. Azken batean, udalerri horien biziraupena bermatzeaz ari gara”, adierazi du Azahara Dominguezek.
Iaz zazpi udalerrik jaso zuten
Diru-laguntza lerro horrek %53eko igoera izan du aurten, eta Dominguezen esanetan, horrek ahalbidetu du jasotako hamabi eskaerak onartzea. Iaz zazpi udalerrik jaso zuten laguntza, tartean Ataunek –aurten berriz ere bai– eta Legorretak.
“Udal hauen eskutik lanean jarraituko dugu, eta zabalik gaude lankidetza-bide berriak aztertzeko, guztion artean bermatzeko Gipuzkoako udalerri guztiek, beren tamaina edozein dela ere, beharrezko tresnak izango dituztela etorkizunera begiratuko duen, integratzailea eta inklusiboa izango den, ingurumena errespetatuko duen eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duen hiri-garapena planifikatzeko”, amaitu du diputatuak.













