Nekazaritza ekologikoaren aldeko urratsa egin dute Zaldibiak eta Ataunek
Ataungo, Zaldibiako, Amezketako eta Urduñako mendi-lurrak nekazaritza ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituztela jendarteratu dute. Udal ordezkarien esanetan, "urrats garrantzitsua" da, eta "onura handiak" ekarriko ditu.
Udal eta eragileetako ordezkari guztien irudia, gaur goizeko agerraldian. Izaro Villarreal Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna ospatzearekin batera, Ataungo, Zaldibiako, Amezketako eta Urduñako mendi-lurrak nekazaritza ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituztela jakinarazi dute bertako udal ordezkariek gaur goizean Amezketan (Gipuzkoan) egindako agerraldian.
Udalerri horiek elikagai ekologikoen ekoizpenari buruzko Europako etiketa-araudia (EB 848/2018) betetzeko konpromisoa hartu dute; hala, aurrerantzean, abereentzako larreak eta baso-bilketa guneak nekazal ekoizpen ekologikoaren printzipioen arabera kudeatuko dira. Mikel Arteaga (Amezketa), Ioritz Berra (Zaldibia), Ion Fontenla (Ataun) eta Iker Santocildes (Urduña) udal ordezkariek “urrats garrantzitsua” dela nabarmendu dute, eta horiez gain, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakaria den Judit Gartzia eta Uxue Artola abeltzain ekologikoa ere bertaratu dira ekitaldira.
Hartara, lau udalerriek guztira 3.198 hektareako mendi-eremuen kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote: Amezketak 253 hektarea, Ataunek 1.762, Zaldibiak 283 eta Urduñak 900 hektarea.
Sektorearentzat onurak
Agerraldian, egitasmoak tokiko nekazaritza eta abeltzaintza sektorearentzat ekar ditzakeen onurak azpimarratu dituzte, baita lurraldean izango duen “eragin positiboa” azaldu ere. Izan ere, urrats berriak abere-zama egokia izatea, sintesi kimikoko produkturik ez erabiltzea, abereen ongizatea bermatzea eta abereak behar bezala identifikatuta edukitzea ekarriko du. Horrez gain, gaineratu dute larreak eredu ekologikoan ziurtatzeak abeltzaintza ekologikoan diharduten abeltzainei larre horiek erabiltzeko segurtasuna eta bermea emango diela; eta, aldi berean, eredu horretan ez dauden abeltzainek ere mendi-lur horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dutela.
Ardura-hartze “garrantzitsua”
Hala ere, mendi-lurrak eredu ekologikoan ziurtatzeak zenbait konpromiso, ardura-hartze eta eginbehar dakartza. Besteak beste, lurzoruaren bizitza, emankortasuna eta biodibertsitatea mantendu eta hobetzea; materia organikoaren galera eta higadura saihestea; baliabide naturalen erabilera arduratsua sustatzea; larreetan ager daitezkeen izurriteen eta gaixotasunen aurrean prebentzio-praktika naturalak lehenestea; paisaia-elementu naturalak zaintzea eta kanpoko baliabideen zein berriztagarriak ez diren baliabideen erabilera murriztea.
Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, konpromiso horiek betetzeak “onura handiak” ekarriko ditu landa eremuan, “ingurumena zaindu eta abeltzaintza ekologikoa sustatuz”.













