Ostegunean hasiko da 'Ondo ibili, ondo izan'
Gernika pasealekutik abiatuko da 'Ondo ibili, ondo izan' ostegunean, 10:00etan. 90 minutuko ibilaldia egingo dute astero, kirola eta ongizate emozionala sustatuz.
Ekimena bultzatzen duten eragileak.Ariane Vierbücher Zapatilak jantzi eta ariketa fisikoa egiteko gonbita egin du Beasaingo Udalak, Ondo ibili, ondo izan ekimenaren itzulerarekin. Udako oporraldian etenalditxoa egin ondoren, ikasturte berriari hasiera emateko elkartu ziren atzo udaleko eta ekimenean parte hartzen duten eragileen ordezkariak (Beasaingo Udala, Nagusilan, Urbiberri, Asmube, Osakidetza eta Aita Menni). Leire Artola alkateak gogorarazi zuenez, «osasun fisikoa bakarrik ez, hain garrantzitsua den osasun psikologikoarentzat ere onuragarria da ibilaldietan parte hartzea, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere egiten direlako». Ekimenean parte hartzen duten gainontzeko eragileek ere nabarmendu nahi izan zuten alderdi hori herritarrak parte hartzera animatzeko.
2012 urtean jarri zuten martxan ekimena, hamarnaka lagun elkartuz ekinaldi bakoitzean. Iaz, 30 inguru pertsonek parte hartu zuten asteroko ibilaldian. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, %75a emakumezkoak, beraz, parte hartzeko dei berezia egin zieten gizonezkoei.
Gernika pasealekutik abiatuta, ordu eta erdiko ibilaldia egin ohi dute, eta eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian ariketa desberdinak egiten dituzte. Parte hartzeko, ez da beharrezkoa izena ematea, ostegunean 10:00etan Erauskin plazara inguratu baino ez da egin behar. Ariketaren ondoren, Urbiberri gizarte zentroan mokadutxo bat janez ematen diote amaiera.
Kirol orientazioa
Bestalde, dagoeneko martxan izango dago kirol aholkularitza zerbitzua, Peru Elosegi kiroldegiko langilearen eskutik. Medikuak edo endokrinoak bideratuta ematen da zerbitzua, astelehenetan 10:30etik 12:30era, osasun zentroan.













