Sagar uzta handia espero da aurten
Sagar biltzen hasi dira Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan. Sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten du elkarteak, datu zehatza urte bukaerarako izango bada ere. Goierriko lau sagardotegi daude Euskal Sagardoaren barruan.
Sagar uztaren aurkezpena egin dute gaur Altzoko Ipintza baserriko sagastietan. Irudiaren erdian, Zeraingo Oiharteko Maite Retolaza, agintariz, teknikariz eta sagardogilez inguratuta.Euskal Sagardoa Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako sagar bilketa hasi da Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagasti gehienetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan. Iazko urtearekin alderatuta, uzta handiagoa da aurten eta 6-7 miloi kg Euskal Sagar biltzea aurreikusten du Kontseilu arautzaileak.
Heldutasunari dagokionean, iaz baino pixka bat aurreratuxeago dator heldutasuna, loraldia beranduagokoa izan bazen ere. Udako gaueko beroek eragindako aurreratzea izango da seguru asko. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastirik gehienetan espero da sagar gehiago.
Sagarrik gehien eskuz bilduko da sagastietan, Euskal Herriko orografiak eta klimak horretara bideratzen baitu bilketa gehienetan. Gehienak arbolak astindu eta lurretik, baina badira eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak ere; horrez gain, hemengo sagastietara egokitutako sagar biltzeko makinak ere badira. Uztak orekatzeaz gain, sagar biltzeko modu berriak eta egokituak bilatzea izango da sektorearen helburu nagusietako bat datozen urteetarako.
Bi urtean behin emateko joera
Bertako sagarrak badu ezaugarri bat: bi urtean behin gehiago emateko joera. Hori orekatzea da eta izango da sagastiko proiektuen helburu nagusietako bat.
Aitor Etxeandiak azaldu ditu sagargile sektoreak dituzten proiektu nagusiak azken urteetan:
- Bakanketa: asko den urtean lorea edo sagarra kentzea, sagarrondoek urtero uzta orekatuagoak eman ditzaten
- Geneva txertakak: Txertaka berri hauen gainean Euskal Sagarrak txertatu eta gure lurretan zer emaitza ematen duten ikusteko proiektua da.
- Interpolinizazioa eta loraldia sagar mota desberdinetan.
- Ekoizpena: gaur egungo sagar ekoizpenak handitzeko saiakera.
- Egungo baldintzak: Gaur egungo baldintza klimatikoek sagarrean zer eragin duten ikusi eta neurriak hartzeko proiektua.
- Lurraren garrantzia eta azterketa.
Denboraldiaren aurkezpena Altzon
Gaur azaldu ditu datu guzti horiek Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Altzoko Ipintza baserriko sagastian. Uztaren nondik norakoak azaltzeaz gain, sagarraren inguruko azterketa proiektuen berri eman du sektoreak eta beren apustuen berri eman dute Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko arduradunek.
Prentsaurrekoan parte hartu dute, besteak beste, Zeraingo Oiharteko Maite Retolaza sagar ekoizle, sagardogile eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako lehendakariak; Maider Lopetegi Euskal Sagardo Jatorri deiturako kide eta Fruiteleko Lehendakariak; Aitor Etxeandia Fruitel Elkarteko teknikariak; Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak; Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Departamenduko diputatuak; Xabier Olano Altzoko alkateak; Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa Jatorri deiturako kideak eta Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzaileak. Horiez gain, hainbat sagargilek eta sagardogilek hartu dute parte.
Iazko uzta txikia izaki, aurtengoa handia izatea aurreikusi zitekeen eta uzta halakoa izan da. Uztak orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, zaila izango da oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea eta aurten bezala, uzta handiak izango dira, baina hurrengoak txikiagoak.
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 6-7 milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko kontratuak lotzea da Euskal Sagardoaren helburua.

Ruiz de Escudero, Olano, Arruti, Lopetegi, Etxeandia, Mitxelena eta Agirre, gaur, aurkezpenean.
Sagar mota desberdinak
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:
| GAZIAK (Garratzak) |
GEZAK | GAZI-GEZAK |
|
Errezila |
Gezamina |
Moko |
Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren sarrerarekin 250 sagar motatara zabalduko da zerrenda hau, bertako sagar motak medio. Beren artean antza handia duten sagar motak dira asko, eta guztiak dira mundu mailako gainerako sagar motekin alderatuta ADN berezia dutenak, ehunka urtean Euskal Herrian sortu eta garatuak baitira.
Euskal Sagardoaren katalogoa
Euskal Sagardoa katalogoaren barruan 50 sagardotegi daude, bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta gainontzeko Gipuzkoakoak. Tartean Goierriko lau sagardotegi daude: Begiristain (Legorreta), Oiharte (Zerain), Tximista (Ordizia) eta Urbitarte (Ataun).
Sagardo Astea Igartubeitin
Ezkio Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea egingo du urriaren 9tik 19ra, bertako dolarea martxan ipiniz, bere 23. edizioan. Baserriko sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra da. Programak kirikoketa erakustaldiak, bisita antzeztuak eta Txillida Lantokira bisita gidatua barne hartzen ditu. Beharrezkoa da izena ematea, plaza mugatuak baitira. Erreserbak 943 72 29 78 telefonoan edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-en egin daitezke. Informazio gehiago www.igartubeitibaserria.eus web orrian.













