Ampo Ordiziak igandean hasiko du denboraldi berria
La Vila taldearen aurka jokatuko du igandean 16:00etan, Altamira estadioan. Taldearen aurkezpena egin dute gaur eguerdian Idiazabalgo Ampo kooperatibaren egoitza nagusian.
2025-2026 denboraldiko Ampo Ordizia errugbi taldea aurkeztu dute gaur Idiazabalgo Ampo kooperatiban.Loinaz Agirre. Ampo Ordizia errugbi taldeak igandean, 16:00etan, ekingo dio Altamiran, 2025-2026 denboraldiari, La Vila taldearen aurkako partidarekin, eta gaur Idiazabalgo Ampo kooperatiban denboraldiaren aurkezpena egin dute klubeko eta Ampoko ordezkariek.
Iban Ferreira Ampo kooperatibako Errektore Kontseiluko kideak hartu du lehendabizikoz hitza. Gogoratu duenez, 2005az geroztik Ohorezko Mailan dago Ordizia, “eta Ampo zuekin, 2007tik dago. 18 urte dira Ampo Ordizia taldeari gure izena ematen”. Era berean, errugbiak bereak dituen “eta guretzat oso garrantzitsuak diren” baloreak nabarmendu ditu: “Ahalegina, esfortzua, lana eta inplikazioarekin asko identifikatzen gara eta uste dut zuek ere balore horien ordezkapenean esanguratsuak zaretela”.
Harrobiarekin egin duten lana ere azpimarratu nahi izan du Ferreira: “Eskualdeko gaztetxoei ibilbide horretan goi mailara iristeko aukerak ematen dizkiezue, babesten dituzue eta beraien prozesu guzti horretan ere, beraien aurrerapauso horietan beti laguntzeko prest zaudete”.
«Ahalegina, esfortzua, lana eta inplikazioarekin asko identifikatzen gara eta uste dut zuek ere balore horien ordezkapenean esanguratsuak zaretela»
Iban Ferreira. Ampoko Kontseilu Errektoreko kidea
Amaitzeko, zorte ona opa eta animoak eman dizkiete “Ampoko taldea osatzen dugun” kide guztion partetik: “Badakit aldaketekin zaudetela, entrenatzailea ere berria da. Denen indarrarekin batera, denboraldiaren aurrean ondo moldatuko zarete eta ea zorte pixka batekin adostu dituzuen helburu horiek betetzeko gai zareten”.
Koro Bosque Ordizia errugbi elkarteko lehendakariak hartu du ondoren hitza, Ampo kooperatibarentzako esker oneko hitzekin: “Beste urte batez hemen gaude, eta askoz ere gehiago izan daitezela, zuen beharra daukagu”.
Denboraldi berriari begira, Bosqueren esanetan, “ilusio handiarekin, proiektu berri batekin eta gogo handiarekin” daude.
Amaitzeko, Ampori beste behin ere eskerrak emateaz gain, eskualdeko enpresei zuzendu zaie: “Ea zuen ejenplua beste batzuek jarraitzen duten eta hemen daukagun enpresari sare horrek pixka bat gehixeago laguntzen digun”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Roberto Ramajo kirol zuzendariak “munduko zorterik onena opa” diete denboraldi berri honetan.
Entrenatzaile berria
Entrenatzaile aldaketa izan da aurten Ampo Ordizian. Suso Romero sevillarrak hartu du Federico Gallo argentinarraren lekukoa. Romerok ere eskerrak emanez hasi du bere jarduna. Batetik, Ampori, “hainbeste urteetako lotura gutxitan ikusten da kirolean”.
Bestetik, zuzendaritzari eskerrak eman dizkio, “konfiantzagatik”. Eta hirugarrenik, klubari “egindako harreragatik. Etxean sentitu naiz lehenengo egunetik”.
«Jokalariak ere lehenengo egunetik oso-oso ondo ari dira lanean. Eta igandean hasteko gogo handiarekin gaude»
Suso Romero. Ampo Ordiziaren entrenatzailea
Proiektu berriarekin “ilusionatuta” dagoela aitortu du, eta “jokalariak ere lehenengo egunetik oso-oso ondo ari dira lanean. Eta igandean hasteko gogo handiarekin gaude”.
Aurtengo denboraldian kapitainetako bat izango den Oier Goiak ere taldea “ilusio handiarekin” dagoela nabarmendu du. “Jokalari berriekin eta entrenatzaile berriarekin gustura gaude. Ea dena ondo joaten den eta ea koparen bat edo ligaren ekartzerik badaukagun”.
Denboraldiko helburuak
Denboraldiko helburuei dagokienean, lehenik eta behin “taldeak zelaian egin nahi duenaz” hitz egin nahi izan du Romerok: “Defentsan eta erasoan aldaketa asko egin ditugu. Defentsan presioa egingo duen taldea izatea nahi dugu, defenditzen gozatuko duena, ondo pasatuko duena. Baloia galtzeko beldurrik ez duena, ondo defendatuko dugulako”.
Horretarako, “talde orekatua” dutela azpimarratu du. “Aldaketa asko izan dira staffean eta baita taldean ere. Aldaketak egon dira defentsan, aldaketak egon dira erasoan. Egia da aldaketa horiek guztiak asimilatzeko denbora bat beharko dela, baina zintzoki esanda, oso gustura nago taldearekin. Talde orekatu bat daukagula esango nuke hitz batean”.
Emaitzei dagokienean, “goiko taldean egon nahi dugu, ligako talde onenekin batera. Behin han egonda, neurtuko gara. Altamiran goren mailako errugbia ikusi nahi dugu eta eguneroko lana egingo dugu Altamiran horrela izan dadin”.
11 taldeko liga da aurtengoa eta iaz bezala, aurten ere, bi talde jaitsiko dira eta bat igo. Hamarreko liga geratuko da hurrengo denboraldian.
Fitxaketak
- Fernando Lopez, Joeli Niuvalavu, Federico Eghartner, Damian Huber, Xabi Martin, Tom Ffitch, Lenny Valleye eta Alejandro De la Rosa.
Taldea utzitakoak
- Tomi Pais, Griff, Bernie, Vilchez, Mateo Arruti, Jesse Lowe, Julen Goia eta Lander Gomez.
Lehenengo partidak
- Irailak 28: La Vila (Altamiran)
- Urriak 5: Liceo Frances (Kanpoan)
- Urriak 26: Bartzelona. (Altamiran)
- Azaroak 2: El Salvador (Kanpoan)
- Azaroak 9: Burgos (Altamiran)
- Urtarrilak 11: Alcobendas (Kanpoan)
- Urtarrilak 18: Ciencias Sevilla (Altamiran)
- Urtarrilak 25: Santboiana (Kanpoan)
- Otsailak 15: Rac (Altamiran)
- Otsailak 22: Complutense (Kanpoan)













