Josetxo Imaz probaren 25. urteurrena, berezia igandean
Ordiziako Altamiran hasi eta bukatuko da, Beasain eta Lazkao zeharkatu ondoren. 25. urteurrena ospatzeko herri bazkaria antolatu dute pilotaleku txikian. 10:00etan haurren probak jokatuko dira; helduena 11:00etan hasiko da.
2008ko eta 2009ko edizioak izan dira orain arte parte hartzailerik handienekoak, milatik gora korrikalarirekin.Iñaki Gurrutxaga 2000. urteko urriaren 6an hil zen Josetxo Imaz Fernandez atleta, 68 urterekin, Bartzelonara autobusez zihoala, Martzilla (Nafarroa) parean autobusak kamioi batekin istripua izan zuenean. Beste bi pertsona hil eta 45 zauritu ziren istripu hartan. Beasainen jaioa zen Imaz, Lazkaon lan egiten zuen eta Ordizian atletismoan aritzen zen. Txindoki atletismo taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Goierriko atleta omentzeko, Txindoki Atletismo taldeak Josetxo Imaz Memoriala sortzea erabaki zuen. Lasterketa handiek bezala, data finko bat jarri zioten lasterketari: iraileko azkeneko igandea. Ibilbideari dagokionean, berriz, Imazen bizitzako hiru herriak uztartuko zituzten korrika, hasiera-bukaera txandakatuz.
Amaia Insausti
2001eko irailaren 30ean jokatu zen lehenengo edizioa, Ordizian hasi eta bukatuz. Lehenengo urte hartan 9,7 kilometro izan zituen probak, eta 600 korrikalarik hartu zuten parte. Imanol Cruz, eta Imazekin autobus berean zihoan eta zauri larriak izan zituen Amaia Insausti olaberritarra izan ziren irabazle. Bigarren urteaz geroztik, 10 kilometro borobil ditu Josetxo Imaz probak.
2008. urtekoa izan da partaiderik handieneko lasterketa, 1.049 korrikalarirekin. Proba guztietako sailkapenak txindokiat.eus webgunean kontsulta daitezke. Gizonezkoetan errekorra 2017an jarri zuen Elhassan Oubaddik (28:40), eta emakumezkoetan, 2011n Trihas Gebrek (33:03).
Josetxo Imaz probak badu beste errekor bat: Covid pandemiagatik martxoaren 14ko alarma egoera ezarri zutenetik, 2020an Gipuzkoan egin zen lasterketa bakarra izan zen.
Korrikaldia eta bazkaria
25. urteurrenera iritsita, antolatzaileak ahalegin berezia egiten ari dira irailaren 28a atletismo herrikoiaren festa borobila izan dadin. 11:00etan Ordiziako Altamira estadiotik abiatuko dira korrikalariak (gehienez, 500) eta 14:30ean, Ordiziako pilotaleku txikian, herri bazkaria egingo dute. Korrikarako izen-ematea kronoak.com webgunean egin behar da 15 euro ordainduta,
eta bazkarirako 676 735 073 telefonoan, 10 euroko Bizuma eginda. Bazkariko menua ondorengoa da: paella, albondigak, limoizko krema eta edariak.
Helduen lasterketan, 2010. urtean edo lehenago jaiotakoek bakarrik ahal izango dute parte hartu. 2010ean jaiotakoek gurasoen baimena izan beharko dute.
Egun berean ezingo da izenik eman.
Lasterketa bakoitzean lehenengo hirurek trofeo bana jasoko dute. Sari banaketa beraien lasterketa amaitu eta berehala egingo da. Korrikalari guztiek opari-poltsa bana jasoko dute.
Haurrak ere bai
Helduen lasterketaren aurretik, txikienentzat ere antolatu dituzte lasterketak, adinez adin, eta sexuka banatuta: 10:00etan, 2017an jaiotako neskak eta mutilak; 10:15ean, 2016an jaiotakoak; 10:25ean, 2014 eta 2015ean; eta 10:35ean, 2012-2013an jaioak eta 2010-2011n jaioak.
Urritasun funtzionala duten adin txikikoek gurpildun aulkietan ere aukera izango dute.













