Korosti Trail Kedada egingo dute larunbat goizean Legazpin
Urriaren 12ko bi mendi lasterketen ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte korrikalariek. Izena eman behar da ostiralerako.
Korosting 24 ordu erronkan parte hartu zuten bi korrikalari. Urriaren 12an Legazpin egingo diren Korosti Trail mendi lasterketen antolatzaileek Kedada antolatu dute larunbat goizerako, bi ibilbideak ezagutzera emateko. Topaketa horretan parte hartu nahi duten korrikalariek izena eman behar dute aurretik, eta ostirala da horretarako azken eguna. Instagrameko @korostitrail kontuan eman daiteke izena.
Euskal Herria plazan jarri ditu Kedadarako hitzordua, larunbateko 09:00etan. Ibilbide luzeak 23 kilometroko luzera du, eta motzak 14 kilometrokoa. Partaide kopuruaren arabera, ibilbideak erritmo ezberdinetan egiteko aukera izango da. Amaieran, pintxoa eta tragoa hartzeko aukera izango dute korrikalariek, Gurrutxaga eta Karibe Berria tabernen eskutik.
Korosti Trailerako bi aste pasa geratzen dira oraindik, baina antolatzaileak ari dira giroa berotzen. Kedada honen aurretik, hilaren 12an, Korosting 24 ordu jarduera ere egin zuten, korrikalariei 24 ordutan txandaka plazatik Korostira igotzeko eta jaisteko erronka botata. Desafioak erantzun ona izan zuen, eta partaideek bete zuten eskatutakoa.













